“Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean” manifestazioa egingo dute azaroaren 4an
Euskalgintzaren Kontseiluak deituriko Bilboko mobilizaziorako autobusak antolatu dituzte herrietan.
Azken hilabeteetan “euskararen aurkako epaien kontra” eta euskararen eta herritar guztien “hizkuntza eskubideen alde” manifestazio nazionala egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an 17:00etan, Euskaldunan hasita. Hain zuzen ere, Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat da mobilizaziorako sortutako leloa. “Guztion indarra beharko dugu herritar guztion eskubideen aldeko erantzun sendoa emateko”. Horregatik, manifestazioa “hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten pertsona eta kolektibo guztiei dei egiten diete.
Lea-Artibaiko herri desberdinetan ekintzak antolatu dituzte azaroaren 4ko manifestaziora begira. Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolan argazki erraldoia aterako dute barikuan [urriak 27] 16:30ean, jolastokian. Lekeition, udalak, AEK-k, Azkue Ikastolak eta Herri Eskolak argazki herritarra aterako du zapatuan [urriak 28] 13:30ean, Nautika aurrean. Bestetik, Ziortza-Bolibarko Udalak aho batez onartu zuen manifestazioari atxikimendua ematea eta herritar guztiei bertaratzeko deia egitea. Horrez gain, pankarta jarri dute udaletxeko balkoian. Udaletatik esan dute “garrantzitsua” ikusi dutela herritarrei “erraztasunak” ematea manifestaziora joateko: “oldarraldiari aurre egiteko denon artean”. “Erakunde publikoei dagokigu herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta bermatu araztea”.
Ondarroan, AEK euskaltegian, Zubi Zahar Herri Ikastolan edo Zaldupe Eskolan eman dezakete izena. Lekeition eta Markina-Xemeinen ere AEKn eman daiteke izena baita Babbelen eta Opelan ere. Ziortza-Bolibarren 16 urtetik beherakoek doan izango dute autobusa eta adin horretatik aurrera 5 euro ordaindu behar dituzte. Aulestin, herriko taberna eta dendetan eman daiteke izena. Etxebarrian, berriz, Tomasena janari dendan, langabetuek eta 4-16 urte bitartekoek 8 euro eta nagusiek 10 euro, autobusean bertan ordaindu behar da.
“Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat”
Aspaldikoa. Azkenaldian areagotu egin dira auzipegietatik “euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak”: Uliazpi, Laudio, Barakaldo, Irun, uharte, Erandio, Berriozar, Atarrabia, Orkoien… eta epe laburrean “beste asko” espero dituztela esan dute. “Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat”. Diotenez, sententzia guztiek elementu komun bat dute: “Gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan”.
Bereziki entzutetsua izan zen uztailaren 6koa: egun hartan Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez jarduteko bideak estutu zizkien, EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetuta. Erabaki harekin, euskararen normalizazioan aurrerapausoa emateko «tresna sendo bat» indargabetzeaz gainera, «adostasun sozial handi baten kontra» egin zela esan dute.
Uztailaren 13an 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskuetan, epaia salatzeko eta kezka adierazteko. Aurrez, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere agerraldi jendetsu bat egin zuen ebazpenaren aurka. ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, OlatuKoop eta EHko Pentsiodunen elkarteak ere bat egin dute manifestazioagaz.