Sormenez betetako herria
Juan Fernandezen 'Ondarrutarrak' erakusketa Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan egongo da azaroaren 1era arte: astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan baita 11:00etatik 13:00etara ere.
Herritarrek egiten dute herria, eta herriak egiten ditu herritarrak. Hala irakurri daiteke Mikel Lertxundi eskultore berriatuarrak egindako arte kritikan, Juan Fernandez ondarrutarraren erakusketara sartu eta berehala.
“Hitz joko hori da proiektuaren oinarria”, azpimarratu du Fernandezek. Zerrenda pertsonal eta subjektibo batetik abiatu, eta 33 ondarrutar betikotu ditu argazkilari ondarrutarrak. Guztiak dira “sormena lantzen duten ondarrutarrak, era batera edo bestera”, eta horiek bilduma batean elkartzea izan da Fernandezen helburua: “Oso esparru zabala bildu nahi izan dut: batzuk izen handikoak dira, eta beste batzuk, esan dezagun, kaleko herritarrak direla. Biak nahastu nahi izan ditut, oreka lortzeko, baina ez da erraza izan”.
Oreka hori topatzeaz gain, pertsona bakoitza “bere giroan, bere tokian” kokatu nahi izan du Fernandezek. Horregatik, “pertsona bakoitzaren aldamenean beragaz zerikusi handia daukan tresnaren bat dago”. Horrez gain, Ondarroako “toki klasikoetatik” aldendu, eta beste zerbait aurkitzen saiatu da: “Ez ditut erabili ez Zubi Zaharra, ez Alameda eta ezta hondartzako moila ere, esaterako”.
Zuri-beltzeko argazkiak dira Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan zintzilikatuta daudenak, “ezer ukitu barik eta ediziorik barik. Dena aurretik landuta dago”. Izan ere, hala lan egin behar da Fernandezek erabiltzen duen formatu handiko kameragaz. 1905 inguruko kamera da, eta fotograma bakar batek 4×5 hazbete neurtzen ditu. Pelikula ez dator argazki film biribiletan, orri bakar batean baizik: “Orain ez dut formatu estandarra erabiltzen, bete-betean sartuta nago formatu handiagaz. Argazki gutxi atera ditzaket honegaz, garestia delako eta, beraz, lehenengo argazkia ikusi eta buruan gordetzen dut. Mugikorragaz froga batzuk egin eta ondo dagoela ziurtatzen dudanean, formatu handiagaz ateratzen dut”.
Gainera, irudia alderantziz ikusten da kameran: “Begiekin ezkerrean ikusten duguna kameran eskuman ikusten da, eta goikoa behean. Horregatik, kamerak adi-adi egotera behartzen nau, eta baita argazkigintzagaz egunero zerbait ikasteko aukera ere. Oso aberatsa da”.
Argazkia pentsatu eta atera ostean, Fernandez berarentzat prozesu politenetarikoa denarekin hasten da: errebelazioa. “Argazkia agertzen ikusten dut, ume bat jaiotzea bezala da. Ezerezetik, errebelatzailearen erreakzioagaz irudi bat sortzen da eta, gainera, zuk sortutako irudia da. Zu bila joan zaren irudia”. Azkenik, negatibotik positibora pasa, eta jatorrizko koloreekin ikusi daiteke argazkia: “Zuria, beltza eta tarteko gris guztiak ikusten dira”. Erakusketara joaten denak, ondarrutarren argazkiak ikusteaz gain, formatu handiko kamerak zelan funtzionatzen duen ikusteko eta probatzeko aukera edukiko du, bertan jarri du Fernandezek eta: “Harrituta geratzen da jendea. Argazkilaritza gustatuz gero, sekulako aukera da formatu handia ezagutzeko. Mugikorragaz ohituta dago jendea, eta mundu guztiz desberdinak dira”.
Bigarrenari begira. Bildumaren lehenengo zatiak harrera “oso ona” eduki duela dio argazkilariak, eta azaroaren 1era arte luzatu dute ikustera joateko epea. Horrez gain, bigarren zatia ere laster ikusgai jarriko du: “Ia amaituta daukat. Pare bat pertsona falta zaizkit, gainontzekoak egin ditut jada. Beste 33 ondarrutar bilduko ditut, eta udaberrian ateratzea espero dut”.