Ondarroako hamar tabernak Andra Mari jaietako eraso matxisten kontrako protokoloa urte guztira zabaltzeko konpromisoa hartu dute. Ondarroako Udalaren Berdintasun Sailaren proposamenetik abiatutako ekimena Beikozini, Sokoa, Anaitasuna, Idoia, Txanpa, Arrantzale, Boga-Boga, Noya, Alai eta Koxkorrak aurrera eramango dute.
Andra Mari jaietan martxan egondako eraso matxisten kontrako protokoloari buruzko balorazio bilera bat egin zuten, eta bakoitzak izandako bizipenak kontatu ostean hartu zen saretuta egoteko erabakia. Bileran ateratako ondorioen artean protokoloa “herreminta edo babes moduan erabili” eta “lasaitasuna eman” ziela aitortu zuten, aurretik lanketa bat eginda baitzegoen; erasoren bat gertatuz gero zelan jokatu eta zein urrats jarraitu azalduz.
Udaletik albistea esku zabalik jaso dute. “Jaietako esperientziaren balorazioa positiboa izan denez, sarea mantentzea erabaki dute. Jaietatik kanpo ere babes hori izan eta lanketagaz jarraitzeko urte guztian mantenduko dute sarea, eta guretzako oso albiste ona da”, azaldu du Naiara Burgoa Lizarraga Berdintasun zinegotziak.
Batzeko aukera. Ekimenagaz bat egin nahi duenak, horretarako aukera dauka. Prozesuan Ondarroako Udalaren Berdintasun Saila bidelagun izango dute, behar duten guztirako. “Erasoak ez dira bakarrik jaien testuinguruan ematen, urte guztian gertatzen dira, eta Berdintasun Sailetik sustatzen ari garen Herri Protokoloaren sorkuntzan parte hartzeko borondatea erakutsi izana oso garrantzitsua da guretzat. Arazo estrukturala da, ez puntuala, eta elkarren arteko babesak indartsuagoa egingo du protokoloa. Zenbat eta eragile gehiago, orduan eta erantzun hobeak eta antolatuagoak emateko aukera daukagu”.