Euskara, eragileak eta herritarrak oinarri, 20 urte beteko ditu HITZAk
2003ko azaroaren 11n argitaratu zen lehenengo egunkaria. Errigoraren 10. urteurrenagaz bat eginda, bi proiektuek ospakizun jaialdi bateratua egingo dute Lekeition.
Egunez egun euskarazko informazioa herritarrengana helaraztea egiteko nagusi izanda, 20 urteko ibilbidea osatzekotan dago Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA. 2003an proiektua abiatu zenetik, herri eta eragileen babesagaz, euskararen bidea aurrera darama egunkariak.
Egindako ibilbideari merezitako ospakizuna emateko bidelagun ederra izango du alboan, hain zuzen ere, euskarari bultzada emateko 2013an jaio zen proiektua: Errigora. Hamaika egite eta lan ildo bakarra: euskara. Eskutik heldu eta elkarlaguntza oinarri hartuta, azaroaren 11n ospatuko dituzte bi urteurrenak, zehazki, Lekeition: HITZAren hogeigarrena eta Errigoraren hamargarrena.
Herritarren bozgoragailu izateko lan egiten du.
Ez dago proiekturik babesik gabe, ezta bidelagun onik, aitortzarik gabe ere. Egunez egun eragileek egindako lanari hitzak jarri eta herriak bizirik mantentzen dituztenei ahotsa ematen dio proiektuak. Talde dinamiko, irekia eta parte hartzailea den heinean, eskualdeko eragileekin harreman zuzena mantentzen du eta herritarren bozgoragailu izateko lan egiten du.
Proiektuak hainbat babesle ditu. Hiru multzotan sailkatu daitezke. Batetik, erakundeak daude, diru laguntza bidez proiektua babesten dutenak; Bizkaiko Foru Aldundia, udalak, enpresak eta elkarteak. Bestetik, publizitate bezeroak daude, bertoko enpresa txiki eta ertainak. Eta, hirugarren zutabea harpidedunak dira, etxean zein sarean egunkaria jasotzen dutenak.
Hobekuntzarako bidea jarraitzen du HITZAk egunez egun
Lana ahalik eta egokien egiteko helburuagaz eta beharrezko indar eta esfortzuak jarrita, hobekuntzarako bidea jarraitzen du HITZAk egunez egun. Duela hogei urte hasierako hastapenetatik eguneraino, gauzak aldatu egin dira, eta HITZA ere aldatu egin da garaiekin batera. Gaur gaurkoz, sare sozialak, webgunea eta paperezko egunkaria, hiru ardatzak elikatzen ditu, euskarazko tokiko informazioa ahalik eta eskuragarrien jartzeko asmoz.
Egindako lanari erreparatu, aztertu eta begirada etorkizunean jarrita, proiektuak indarrez jarraitzen du, oinarri sendoekin, beti ere, ohi legez, beharrezko laguntzari heldu eta herritarrekin batera lan eginez.