Debabarreneko ekintzaileei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea azaroaren 3an amaituko da
Debegesak bideratuko ditu Lanbidek ematen dituen diru laguntzak. Horrez gain, aholkularitza eta beharrezko laguntza eskainiko die ekintzaileei.
Negozio ideia lantzeko edo enpresa proiektua martxan jartzen laguntzeko Debabarreneko ekintzaileei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago eta azaroaren 3a izango da eskabideak aurkezteko azkenengo eguna.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko martxan jarritako dirulaguntza eskaera Debegesa garapen agentziaren bitartez egin daiteke. “Debabarrenean negozio ideia bat landu edo enpresa proiektu berria martxan jarri nahi duten herritarrei bideratutako zerbitzua da”. Debegesak dirulaguntzak bideratzeaz gain, aholkularitza eta beharrezko laguntza eskainiko dio ekintzaileei. Jakinarazi dutenez plazak mugatuak izango dira.
Negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa proiektuak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango diote sustatzaileei. “Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada”.
Informazio gehiago. Laguntza eskatu nahi duten herritarrek Debegesaren bulegoetan aurkeztu behar dute dokumentazioa: Debegesaren webgunean eskuragarri dago eskabide orria. Argibide gehiago nahi dutenek 943 82 01 10 telefonora deitu dezakete edo ekintzaile@debegesa.eus posta elektronikora idatzi.