Ondarroako Beldur Barik lehiaketara lanak aurkezteko epea azaroaren 10ean itxiko da
Azaroaren 23an, 18:00etan, Etxelilan egingo da aurkezpen ekitaldia. Ondarroako lehiaketara aurkezten diren lan guztiak euskaraz eginak izan beharko dira.
Gazteen artean errespetua, berdintasna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu nahi dituen eta erreferente positiboak erakustea helburu duen Beldur Barik lehiaketa abian da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sariaz gain, tokian tokiko lehiaketa antolatu dute Ondarroan.
Azaroaren 10a izango da lanak aurkezteko azkenengo eguna. Hiru kategoria egongo dira; 12 eta 13 urtekoak, 14tik 16ra bitartekoak eta 17tik 20ra bitartekoak. Atal bakoitzeko sari bakar bat emango da eta garaileek 300 euroko saria jasoko dute. “Ondarroako lehiaketara aurkezten diren lan guztiak euskaraz eginak izan beharko dira, baita azpitituluak ere”.
Udaleko Berdintasun Batzordeak Etxelilagaz batera antolatzen duen lehiaketan tokiko epaimahaia osatuko da Ondarroako lanak aztertzeko: Hezikidetza batzordeko bi kidek, Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluko kide batek, Berdintasun zinegotzika eta Berdintasun teknikariak osatuko dute epaimahaia.
Izen ematea. Lan guztiak bideo formatuan aurkeztu beharko dira eta gehienez ere 3 minutuko iraupena izango dute. YouTube edo Vimeo plataformetara igo beharko dira aukera publikoan, eta ostean, bideoaren lotura bidali beharko da webgunean dagoen inprimakiagaz batera.
Sari banaketa. Azaroaren 23an, 18:00etan Etxelilan egingo da aurkezpen ekitaldia. “Aurkeztutako taldeek baieztatu egin beharko dute egun horretako parte hartzea”.