‘Puta gorda’: "Inoiz existitu beharko ez litzatekeen liburua"
Barikuan [urriak 27] egin zuten Peru Abarka Album Lehiaketaren aurkezpena, Markina-Xemeingo udaletxean.
Jendetza batu zen barikuan [urriak 27] Markina-Xemeingo udaletxeko batzar aretoan Peru Abarka Album Lehiaketaren aurkezpenean. Bertan izan ziren lehiaketako antolatzaileak, Yolanda Larreategi narrazio onenaren irabazlea eta Helena Azkarragaurizar ilustraziorik onena egin zuen artista. Biek batera aurkeztu zuten album ilustratua. Puta gorda liburua eskuragarri dago Kareaga dendan eta Erein argitaletxean.
Azken 19 urteetan 17 aldiz antolatu dute Peru Abarka album lehiaketa. Horrenbestez, “indartsu” jarraitzen du. Aurtengo lana gainera berezia da, Puta gorda album ilustratua “inoiz existitu beharko ez litzatekeen liburua, baina, zoritxarrez edo zorionez, badena” dela adierazi zuen idazle markina-xemeindarrak. Bataren hitzez eta bestearen irudiz, lodifobia eta bullyinga azaleratzen du liburuak: “Latza bezain ederra. Gordina bezain beharrezkoa”.
Larreategik hirugarren aldiz irabazi du lehiaketa. 2006an Zaharrak berri, euriak lanagaz eta bigarrenez 2020an, Bi txantxangorri haritz adarrean lanagaz. Epaimahaiak nabarmendu du “errepikapenak duen indarra”, “irakurlearen partaidetza aktiboa” eskatzea eta eszenak “ondo” deskribatzea egotea.
Ilustrazioei dagokionez, berriz, Azkarragaurizarren irudiak bisualak izatea goraipatu dute: “Puta gorda narrazioak kontatzen duena, zoritxarrez, gaurkotasun handia daukan gaia da, eta arriskua zegoen literalki interpretatu eta horretara lerrokatzeko. Berak, ordea, estereotipoetan erori gabe egindako proposamena aurkeztu du”.