Arrainaren enkantea digitalizatu dute Ondarroan
Irailean hasi ziren martxan egiteko modu berriagaz. Eraginkortasuna, bizkortasuna, segurtasuna eta erosotasuna ekarriko dituela zehaztu du Ortizek.
Ondarroako lonjan arrainaren enkantea digitalizatu dute, zehazki, irailean hasi ziren martxan egiteko modu berriagaz. Orain arte, papera eta boligrafoa eskuan izanik ahoz ahoz egiten zen enkantea, orain, berriz, aplikazio baten bitartez egiten dute, erosleei edozein tokitatik eskaintzak egiteko aukera emanez.
Mikel Ortiz Ondarroako alturako Arrantza ekoizleen Erakundeko (OPPAO) zuzendariaren esanetan sistema berria berritzailea da eta Ondarroa aintzindarietako bat izan da sistema ezartzeari dagokionez : “Sistema berria, gaur gaurkoz, Espainiako estatuko lau bat lonjatan jarri dute soilk. Inguruan gu gara lehenengoak”.
Aukerak zabaltzeko asmoz jarritako berrikuntzak hainbat abantaila ekarriko dituela zehaztu du Ortizek, hala nola, eraginkortasuna, bizkortasuna, segurtasuna eta erosotasuna ekarriko dituela. “Eraginkortasuna diot, papera eta boligrafoa albo batera uztean enkantea arindu egiten delako. Segurtasuna, berriz, interpretazio arazorik ez dagoelako, makinak adierazten du nork egin duen eskaintza eta zenbat eskaini duen. Eta garrantzitsuena, prozesua azkartzearen eraginez erosleek arraina lehenago eramateko aukera dute”.
“Aldaketen aurrean alde negatiboa ikusteko joera izaten dugu, eta hasiera batean beldurra nabaritu zen erosleen artean”
Mundura irekitzeko ate bat izan daiteke: “Mundua diotenean Espainiako estatuko merkatua diot, erosleak erakartzeko modu bat izan daitekeelako. Gure produktuari erosleak lortzeko bide berri bat”. Ohiko erosleek “mehatxu” bezala hartu zuten hasiera batean. “Aldaketen aurrean alde negatiboa ikusteko joera izaten dugu, eta hasiera batean beldurra nabaritu zen erosleen artean”. Egoeraren aurrean ohiko erosleekin bilera deitu zuten eta lasaitasuna transmititzen ahalegindu ziren OPPAOtik, berrikuntzak ekarri ditzakeen onurak azalduz. “Berrikuntzak bultzada hartu eta martxan jartzea ez da lan erraza izango, baina lortzen badugu onurak ekarriko dizkio Ondarroako portuari, lana ekarriko baitu”.
Ondarroako lonja defendatzeko ahalmena izango dugu eta horrela gure portuari balioa emango diogu”.
Online erosketak dakarren arazoetako bat da produktua ikusi gabe erosi behar izatea, eta horri erantzuteko asmoz, arrain sorta bakoitzeko argazkiak ateratzea aztertu dute elkartetik. Hala ere, distantzian erosteak herrian “aliatuak” izatea eragingo duela dio. “Kanpoko erosleek herriko jendearen beharra izango dute, arraina erosteko orduan presentzialki hemen dagoen norbait, baita erosi ostean, prestakuntza lanetan ibili eta arraina bidaliko duen norbait. Hortaz, lana ekarriko du”.
Horrez gain, prezioan eragina izan dezakeela dio Ortizek, erosle gehiago egoteak arrainaren prezioa igotzea lotuta baitaude: “Prezioa igotzean, gastuak ordaintzeko ahalmena igotzen da, batik bat, gasolioari dagokionez. Onura horiekin, Ondarroako lonja defendatzeko ahalmena izango dugu eta horrela gure portuari balioa emango diogu”.
Ondarresa. Horrez gain, azaroaren 21ean Bilbon aurkeztuko dute onlineko salmenta berria, azken kontsumitzaileari begira sortu dutena, hala nola, arraina kontsumitzailearen etxera zuzenean saldu ahal izateko. “Ezagutzera emango dugu berritasuna eta gabonetako kanpainaren berri emango dugu”.