Ezin hobeto pasa dute Lekeitioko IX. Usotegi Egunean
Zapatuan [urriak 28] adin desberdinetako herritarrak elkartu ziren baratzean eguna pasatzeko.
Askotariko ekintzak izan eta egin zituzten bertaratu zirenek Lekitto Bedarrak antolaturiko IX. Usotegi Egunean. Zapatu [urriak 28] goizetik elkartu ziren Bingen de la Torreren bertoko Kostabi produktuak erostera, 0 kilometrokoak eta sasoikoak. Taldeak bere ibilbideko bideo eta argazkiak erakutsi zituen, “herritarrei erakutsi nahi izan diegu azken urteetan egindako ekarpen eta ekintzak Lea-Artibai mailan”. Oraingoan, ohiko hitzaldia antolatu beharrean, porruak, azak, indabak edota letxugak erein zituzten.
Piparren zozketako irabazlea Jon Malaxetxebarria izan zen. Guztira 168 egon ziren: 70 italiar, 50 pikillo eta 48 Gernikako pipar. Eguerdian geldialdia egin zuten. Nautika aurrean euskararen aldeko argazki erraldoiaren talde modura parte hartu zuten eta paella bazkaldu. Aitzur jaurtiketa txapelketari dagokionez, emakumezkoetan irabazlea Guerry Laurence frantziarra izan zen izan da, errekorra jarri zuen 14,30 metro. Gizonezkoetan, taldeko Edu Zabalak garaipena errepikatu zuen 19,90 metroko jaurtiketagaz. Hori bai, markarik onena 2016an Kristian Arantzamendik jarritakoa da: 22 metro. Guztira 11 parte hartzaile egon ziren.