Lea-Artibaiko Amankomunazgoak aniztasun funtzionala duten eskualdeko pertsonen egoera aztertuko du
Diagnostiko batean bilduko dituzte eskualdeko datuak, eta ostean helburua hainbat zerbitzu eskualdean eskuragarri jartzea da. Hori modu solidarioan aurrera eramateko, tapoi bilketa egiteko deialdia luzatu dute.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoa eskualde mailako diagnostiko bategaz lanean hasi da, aniztasun funtzionala duten pertsonen egoera, perfilak eta beste hainbat datu aztertzeko asmoz. “Amankomunazgoak gizarte zerbitzuekin lotura handia dauka, eta lan ildo nagusietako bat hori da. Ikusi dugunez, guregana laguntza eske datozen familiak gero eta gehiago dira, eta horregatik, diagnostiko bat egitea erabaki dugu, jakin badakigulako guregana etortzen direnak baino kasu gehiago daudela egoera oso antzekoetan. Eskualde moduan egoera zein den jakin nahi dugu”.
Diagnostikoa egiteko “datu eta laguntza eske”, besteak beste, eskualdeko ikastetxe zentroetara joko dute: “Datu fidagarrienak beraiek eduki ditzaketela uste dugu, normalean hezkuntzatik guztiak pasatzen direlako, arinago edo beranduago”. Gaur egungo egoera aztertzeaz gain, hemendik urte batzuetara begira ere egoera zer nolakoa izango den aztertu nahi dute.
Ikastetxeetako datuez gain, “zuzenean” jarriko dira harremanetan gizarte langile eta gizarte teknikariekin harremanetan dauden elkarteekin ere, esaterako, Senideen eta Gaixotasun Mentalen Bizkaiko Elkartea (AVIFES), Gorabide, Apnabi, Fekoor eta Aspace. Elkarte horien bitartez, hezkuntzatik kanpoko datuak edota hezkuntzan egon diren baina orain ez dauden pertsonen datuak jasoko dituzte, baita adin gehiagoko pertsonenak ere: “Ez gara soilik umeetara mugatuko, diagnostiko zabalagoa egin nahi dugu, osoagoa. Horrez gain, laguntza eskatuko diegu Karenka eta Izarbidean bezalako elkarteei ere”.
“Tapoiak biltzen ez duena hori egitera animatu nahiko genuke, dirua ekintza solidario batera bideratuta doalako”.
Tapoi bilketa. Eskualde mailako diagnostikoa izango denez, elkarte eta ikastetxeekin batera Lea Ibarreko Amankomunazgoarekin ere harremanetan daudela adierazi dute Lea Artibaiko Amankomunazgoko kideek. Gaineratu dutenez, beste lotura bat egin nahi dute martxan duten proiektu bategaz: tapoi bilketagaz, hain zuzen ere. Diagnostikoa egin ostean, beharrizan zehatzagoak zeintzuk diren jakin ahalko dituzte, eta tapoi bilketagaz modu solidarioan jasotako dirua diagnostiko honen emaitzetara bideratzea da asmoa: “Familia eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko erabili nahiko genuke”.
Horregatik, amankomunazgotik tapoiak biltzeko deialdia luzatu dute: “Tapoiak biltzen duenak jarrai dezala horretan, eta egiten ez duenari egitera animatu nahiko genioke, dirua ekintza solidario batera bideratuta doalako”. Honez gain, aurrerantzean ere tapoi bilketa indartu nahiko luketela adierazi dute, etorkizunean etorri daitezkeen beste beharrizan edo proiektu batzuetarako dirua biltzeko “betiere, eskualdera bideratuta”. Udaletxeak, ikastetxeak eta larunbatetako gune mugikorrak izango dira tapoiak biltzeko puntuak.
Aurrera begirako zerbitzuak. Diagnostikoagaz bildutako datuak eskuartean dituztenean, Bizkaiko Foru Aldundira eta “goragoko estamentuetara” jo, eta hainbat eskari egitea da asmoa: “Eskualdean ez ditugu zerbitzuak behar beste bermatuta aniztasun funtzionala duten perfileko pertsonentzat. Ikusten duguna eta arduratzen gaituena da normalean horrelako zerbitzuak eskualdetik kanpokoak izaten direla, eta nahiko deserosoa dela beraientzat. Penagarria da zerbitzua egotea, baina ez eskura”.
Diagnostikoan jasotako datuen eta perfil bakoitzaren araberakoak izango dira zerbitzuak, baina, aisialdian “gabezia handia” dagoela adierazi dute, eskolatik kanpoko ekintzetan, esaterako. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak dituen zerbitzu espezializatuak, gehienbat familiaren eta emakumeen sailekoak, eskualdera gerturatzea da helburua.