Eneko Abasolok irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa
Finalaurreko saioetan arituko dira Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi markina-xemeindarrak eta Xabat Galletebeitia eta Aissa Intxausti lekeitiarrak.
Atzo [azaroak 1] jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa, Lekeitioko Ikusgarri Aretoan. Sarrera guztiak salduta, bertsozalez goraino bete zen aretoa, eta erabakita geratu ziren finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolarien izenak ere.
Azken finalaurrekoko lan puntuagarri guztiak eginda, Abasolok egin zituen ganbarakoan eta hamarreko txikian lanik onenak, eta saioa irabaztea lortu zuen 466 puntugaz. Ondorioz, zuzenean sailkatu zen Berrizko finalaurrekora. Atzetik geratu zen Koldo Gezuraga gernika-lumotarra, 463,5 puntugaz. Gezuraga txukun aritu zen saio guztian, eta zortziko handian, zortziko txikian eta puntu erantzunetan saioko puntuaziorik altuenak eskuratu zituen; puntuazioz, Berrizko finalaurrekora sailkatzeko saioko azken txartela eskuratu zuen.
Hirugarren postua eskuratu zuen Beñat Bilbaok, 437,5 puntugaz. Atzetik, 430 puntugaz, Peru Irastortza geratu zen. Maite Sarasolak berriz, 424,5 puntugaz amaitu zituen lanak, eta Sarasolak baino 4 puntu gutxiagogaz, Aitor Arrutia izan zen seigarren sailkatua, 420,5 puntugaz.
Beñat Vidal Gurrutxaga aritu zen gai jartzaile lanetan, eta Erandioko saioan bezala, hurrengoak izan ziren epaileak: Ainhoa Arregi, Beñat Romero, Garazi Mendoza, Graxi Arregi, Iñaki Aurrekoetxea eta Mirari Azula. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga egon zen.
Finalaurrekoak, gertu. Lekeitioko lanak amaituta, erabakita geratu dira finalaurrekoetako hemezortzi bertsolarien izenak. Sei kanporaketetako irabazleak eta puntzuazioz lehen bostak gehitu zaizkie iaztik zuzenean sailkatu ziren beste zazpi bertsolariei.
Lehenengo finalaurrekoa Berrizko Olakueta frontoian izango da, azaroaren 11n, 17:00etan. Bertan abestuko dute Xabat Galletebeitia lekeitiarragaz batera, Aitor Etxebarriazarraga eta Koldo Gezuraga gernika-lumotarrek, Eneko Abasolok, Gorka Pagonabarragak eta Iruri Altzerrekak.
Azaroaren 18an izango da bigarren saioa, Santurtziko Serantes kultur aretoan, 17:00etan. Aitor Bizkarra, Jone Uria, Mikel Goiriena, Unai Mendiburu eta Bittor eta Txaber Altube arituko dira bertsotan.
Abenduaren 16an jokatuko den final handiaren aurretik, azaroaren 25ean Lemoako udal kiroldegian jokatuko da azken finalaurrekoa. Bertan arituko da gaur egungo Bizkaiko bertsolari txapelduna ere, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra, hain zuzen ere. Beragaz batera arituko dira Josune Aramendi markina-xemeindarra eta Aissa Intxausti lekeitiarra ere, puntuazioz sailkatzea lortu ostean. Onintza Enbeita muxikarrak, Ibai Amillategi gernika-lumotarrak eta Oihana Bartrak osatuko dute azken finalaurrekoko saioa.
Finalaurrekoetarako eta finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.