Herri kirolez beteko dute Lekeitio
Domekan [azaroak 5] 12:30ean modalitate desberdinetako Bizkaiko Txapelketak jokatuko dira.
Bizkaiko Herri Kirolen Federazioak Lekeitio aukeratu du Bizkaiko Txapelketa desberdinetako topagune bezala domekan [azaroak 5] 12:30ean, Foru Enparantzan. Jakinarazi dutenez, euria egin ez gero, ikastolako frontoian egingo dute. Hainbat herrik kirol modaliate lehiatuko dira, denak ala denak bikoteka.
Lehenengo Bizkaiko binakako harrizulatzaile txapelketa lehiatuko dute sei bikotek: Aitor Ruiz-Sergio Gomez (Kabiezes), Asier Diaz-Ander Etxebarria (Kabiezes), Iker Obregon-Gorka Garcia (Errekatxo), Rafa Serrano-Gontzal Bermejo (Aldai alde), Maria Quintela-Igore Benito (Burdin gazteak) eta Istebe M. Gartzia-Eduardo Hidalgo (Burdin gazteak).
Gero, bizkaiko gizonezkoen lehen mailako binakako aizkora txapelketa lehiatuko da. Hiru bikote ariko dira nor baino nor gehiago, 54 ontzako eta 60 ontzako seina enbor moztu beharko dituzte. Beñat Lekue-David Naredo, Julen Larrea-Ioritz Gisasola `Zelai IV’ eta Hodei Ezpeleta ‘Bihurri’-Aritz Irazabal ariko dira. Bigarren mailakoek hartuko diote erreleboa, hauek ere lan bera osatu beharko dute. Beste hiru bikotek lehiatuko dute: Mikel Agirre-Daniel Lopez, Marco Nevado-Borja Fernandez eta Aritz Oregi-Xabier Gartzia ‘Utxu’.
Beste asko. Aurretik, 11:00etan, umeek ere aukera izango dute herri kirolen munduan sartzeko joko parte hartzaileen bidez. Horrez gain emakumezkoen harri jasotze erakustaldia egongo da Gernika Arkupe Sustabiz kirol elkarteko Leire Bergara eta Andrea Sageren eskutik.