Perretxikoak ezagutzeko irteera errepikatuko dute Lekeition
Lagunkoia taldeak eta Denbora Bankuak zapatuan [azaroak 4] antolatu dute irteera.
Iaz lehen aldiz antolatu zuten perretxikoak ezagutzeko irteera Lekeitioko Denbora Bankuak eta Lagunkoi taldeak. Irteera “oso arrakastatsua” izan zenez, aurten errepikatu nahi izan dute. Zapatuan [azaroak 4] herriko Magdalena ermitatik aterako dira 09:00etan eta 12:00etara arte luzatzea aurreikusten dute antolatzaileek. Izena eman nahi dutenek 648 51 17 41 telefono zenbakira deitu behar dute plaza mugatuak baitaude.
Leako zubia zeharkatuz, perretxiko bilaketa Mendexa herriko Leako auzoko basoan kokatuko dela azaldu dute. Horregatik mendiko oinetakoak eta arropa ekartzea gomendatu dute. Irteera oinarrizko mailakoa da, hau da, hasiberrientzat: “Hasieran, antolatzaileak azalduko dute perretxiko baten atalak eta inguruan topatu ahal diren hiru klaseen ezaugarriak”. Ibilbideko monumentu ezaugarriak ere bere azalpena izango dute: Magdalena ermita, Arropaineko arragoa, Mendexako Hospital zaharra eta Lea dorretxea.
Amaieran, parte hartzaile bakoitzak eramaten duenagaz, hamaiketakoa egingo dute eta perretxiko errezeta liburu bat zozketatu ere. Helburua da taldearen funtzionamendu eta onurak zabaldu eta partaide berriak lortzea”.