Haurrak teknologiatik babestuz
Mugikorraren erabilpenagatik kezkatuta, guraso talde batek indarrak batu ditu eta gaiari behar bezala heltzeko asmoz, informatu, hezi eta hedatu egin nahi dute.
Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako guraso talde batek Altza buru! egitasmoa martxan jarri du, ume eta nerabeen aisialdia eta beraien arteko harreman osasuntsuak sortzea erdigunean jarrita, mugikorren erabilerak ekartzen dituen arazoei kolpe egin eta egoera maneiatzen ikasteko.
Beldurraren sentipenak batu zituen hasiera batean 20 lagunek osatutako taldea, teknologia berriek egungo jardunean eragin zuzena duen gaiari modu kolektiboan kolpe egiteko; beldur, behar eta kontraesanak elkarbanatu eta hausnarketarako gune bat eratzeko beharra sumatu zuten. “Gazteei arazoak sortzen dizkieten iturrietako bat teknologia, bideo jolasak eta sare sozialak direla ikusirik, gaiari modu kolektiboan erantzuteari ekin diogu”.
“9-10 urtegaz mugikorra ematen diegu gure seme-alabei, mundura zabalduta dagoen trikimailua, eta ez daude prestatuta horri aurre egiteko”.
Mugikorraren erabilerak dakartzan arazoak dira kezka nagusia. “Egun osoan konektatuta daude eta kalea ere mugikorraren inguruan biltzeko baliatzen dute”.
Hortaz, ume eta nerabeen arteko aurrez aurreko harremanak eta jolasa sustatu nahi dituzte. “Kalea espazio libre izatea nahi dugu, harreman osasuntsuak egiteko euren artean, berba egiteko aukera izatea, herritarrekin egotea, inguruagaz konektatzea”.
Gaitza izango zela jakinda, LH5 eta LH6ko gurasoak batu egin ziren eta hausnarketarako gunea sortuz joan zen, eta bertan zehaztu zuten elkartearen norantza: zein norabidetan lan egin nahi zuten.
Lanketa hasita, erreferente nagusia Zarauzko ikastetxeko Gure aukera, guk hamasei ekimena izan zen. Mugikorraren erabileragatik kezkatuta zegoen guraso talde batetik sortu zen elkartea 2019an. Talde sortzailean Miren Ros zegoen, zehazki, gaiari buruzko hitzaldiak ematen dituen guraso eta aditua. “Miren Ros ikastolara ekarri genuen”. Hitzaldia inflexio puntu bat izan zen gurasoentzat, Rosek eman zituen gakoak baliagarriak izan baitziren. “Hor hasi ginen, gogortu egin ginen, eta lantzen hasi ginen”.
Mugikorrik bariko haurrak babestu nahi dituzte.
Elkartearen nondik norakoak zehaztuta eta lan egiteko moduen berri jakinda, lanketarako lau puntu zehaztu zituzten. Lehenengoa, ume eta nerabeek mugikorra izateko adina atzeratzeko nahia zen: “9-10 urtegaz mugikorra ematen diegu gure seme-alabei, mundura zabalduta dagoen trikimailua, eta ez daude prestatuta horri aurre egiteko, eta ez dute egon beharrik ere. Guraso bezala ere askotan kostatzen zaigu ulertzea gauza batzuek nola funtzionatzen duten, beraiei gehiago”.
Dinamika horregaz apurtu nahi dute eta, hain zuzen ere, aipatutakoari zuzenean lotuta dago bigarren puntua: mugikorrik bariko haurrak babestu nahi dituzte. “Guraso bezala ere ez dakigu ezetz esaten, ezberdina izango delakoaren beldurrez”.
“Ez dira gauza errazak, baina guraso bezala denok ditugu kezka, gaztaka eta beldur berdinak”
Hirugarren puntuari dagokionez, umeen eta nerabeen arteko aurrez aurreko harremanak eta jolasa sustatu nahi dute, solasagaz gozatzeko aukera galtzen ari dela argudiatuta: “Beraien nortasunean eta heziketan eragina edukiko du horrek”. Azkenik, gaiaren inguruan informatu eta hezi nahi dute. “Informazioa biltzea beharrezkoa dugu eta, horrez gain, ikastaroak antolatu eta guztioz heztea”.
Gaia lantzeko erremintak behar dituztela jakinda, horregaz abiatu dira, baina lehen urratsa bat egitea izan da. “Ez dira gauza errazak, baina guraso bezala denok ditugu kezka, gaztaka eta beldur berdinak. Berba egin, elkarbanatu eta laguntza pixkategaz aurrera egin genezake”.
Hurrengo urratsa hezkuntzatik haratago zabalkundea ematea izango da.
Zabalkundea eman. Formazioa beharrezko ikusten dute erabaki kontzienteak hartzeko. Horretarako, elkartea indartu eta zabaldu nahi dute. Lehenengo urratsa jada eman dute, ekimena herriko eskoletara zabaltzea. Orain, hurrengo urratsa hezkuntzatik haratago zabalkundea ematea izango da; herriko kirol elkarteetara jo, Ondarroako Udalera eta Lea-Artibaiko Amankomunazgora. “Modu bateratuan lan egitea litzateke aproposena eta hori da epe laburreko helburua: herrian ekimena zabaltzea. Mugitzeko unea da hau, eta horretan gabiltza”.