Errekonozimendurik jaso ez duten emakumeen istorioak argiratuz
Pastor eta Mariezkurrenak egindako Luminiszenteak proiektuaren erakusketa ikusgai dago Mutrikuko Zabiel kultur etxean.
Diskurtso nagusietatik kanpo geratzen diren emakumeen historiak biltzen ditu Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoaren eta Irantzu Pastor argazkilariaren Lumineszenteak proiektuak, “erregistrorik, neurketarik eta izenik ere ez duten bortxetan arreta ipiniz”.
2018 eta 2021 bitarte Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren bizitza-historiek eta erretratuek osatzen dute. “Kontakizunen protagonistak bortizkeriazko giroetan bizi edo hazi dira, hala nola okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio edo asimilazio kulturaleko testuinguruetan. Egiturazko indarkeria horiek, baina, emakumeen eguneroko bizitza baldintzatzen duten eta halako errekonozimendurik ez duten beste indarkeria sotilagoekin korapilatzen dira”.
Anita Jadhav, Survana Setty, Santhana Mary, Shirley Red Star , Aasha Ghodake eta Fayzeh Joussef testigantzak emandako emakumeen laginaren zati bat dira. “20 urte daramatzat 07:00ak baino lehen etxetik atera gabe, esaten dutelako goizen goiz alargun bat ikustea madarikazioa dela” dio Sahthana Maryk. “Amonak hasi ninduen, nire amaren birjintasuna erosi zuen gizonaren alaba bainaiz” dio, berriz, Anita Jadhav. “Lau haur izan ditut baina ez naiz hauek hezteko gai izan. Nola emango nien maitasuna nik ez banuen sekula horrelakorik jaso?” dio Shirley Red Star.
Amatasuna, ezgaitasuna ,nerabezaroa… hamaika gai lantzen dituzte munduaren txoko ezberdinetako emakumeen testigantzak jaso eta errekonozimendurik jaso ez duten emakumeen istorioak argira ekartzen.
Ikusgai. Azaroaren 12ra bitartean ikusgai egongo da Zabiel kultur etxean: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Domekan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.