"Euskara babestera etorri gara"
Eskualdeko herrietatik autobusak abiatu dira Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitutako manifestazioarekin bat egiteko.
Autobus bat bestearen atzetik, denak ala denak jendez bete-beteta. Norbere herrietatik atera eta bideari ekin diote, helburu bakar bat izanik: Bilboko kaleak hartzea. Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, manifestazio erraldoi bezain anitza egon da euskararen aurkako oldarraldia salatzeko, eta eskualdeko herritarrek ez dute hutsik egin.
Auzitegien esku hartzea salatzeko, euskararen normalizazioan aurre egiteko eta herritarren eskubideak erdigunean jartzeko Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestaziora batu dira milaka eta milaka herritar.
Bilboko kaleetan zehar bere sentitzen dutenaren eta denaren alde borrokatzen aritu dira, oso argi edukita zein zen eginbeharra eta zergatik borrokatzen duten. “Bilbon egon nahi izan dut euskararen kontra egondako epaiak direla eta. Euskararen normalizaziorako bidea egitea zaila izan da, eta bidea oztopatzen ari dira”, zioen herritar batek. “Euskaldunok Bilbon egon behar genuen”, baieztatu du beste batek. “Eskubideen kontrako jarrerak dira, eta garrantzitsua da denok batera egotea, Euskaraz bizi nahi dut bandera zabaldu eta kaleak hartu ditugu”, zioen beste batek.
Euskararen lekua. “Nahikoa indar eta esfortzu suposatu du euskara gure egunerokotasunean egoteak, bai alderdi formalean nahiz ez formalean, eta guk hori babesteko beharra daukgu. Horregatik egon behar ginen Bilboko kaleetan. Euskara babestera etorri gara. Euskarak bere lekua mantendu egin behar du, egindako bidea ezin dugulako galdu”, argudiatu du eskualdeko beste herritar batek.
Protokoloaren aurkezpena. Hizkuntza eskubideen aurkako erasoei erantzuteko protokoloaren aurkezpena egingo dute azaroaren 7an, 11:00etan, Bilboko Kafe Antzokian. “Herritarron hizkuntza eskubideen aurkako sententzien aurrean, tokian toki eta batasunetik erantzuteko tresna prestatzen gabiltza, herritarren eta gizarte eragileen esku utziko duguna: protokoloa”.