Lekeitioko perretxikoen irteera “oso arrakastatsua” izan da
Zapatu [azaroak 4] goizean osatu zuten ibilbidea Lekeitioko Denbora Bankuak eta Lagunkoia taldeak antolatuta.
Perretxiko irteera antolatzen duten bigarren aldia, eta “oso arrakastatsua” izan da beste behin. Lekeitiarrak ez ezik, Markina-Xemeingo, Ondarroako, Bilboko, Arrasateko, Mendexako eta Mallorcako familia batek ez guzti parte hartu zuten.
09:00etan eman zioten hasiera Magdalenako ermitatik hasita. “Hasi bezain laster lehen perretxikoak aurkitu genituen, niskaloak, hain zuzen ere. Gero agertu ziren Edulis onddoak parta hartzaileen pozerako”, azaldu dute antolatzaileek. Bilatzen zituzten hiru perretxiko motak aurkitu zituzten ibilbidean: sisa horiak, errebelloiak eta onddoak.
Baina dena ez ziren perretxikoak izan. “Ibilbidean herriko eta inguruetako ondarearen azalpenak jasotzeko geldialdiak egin ditugu. Magdalena ermita, Arragua, Zubieta jauregia edota erreka bueltan sortu zen burdinolaren aktibitatea, adibidez. Ostean, Mendexako ospital zaharra izan genuen mintzagai baita azkenaldian hainbesteren ahotan egon den araztegi inguruan agertu zen martin arrantzale erraldoia”. Ibilbidearen amaieran, Mendexa Abentura Parkearen historia eta ezaugarriak ezagutzeko aukera izan zuten bertako arduradunen eskutik.
Partaideek “oso ondo” baloratu zuten irteera antolatzaileek banatutako inkestetan: “Partaideek azpimarratu dute asko ikasi dutela, ez bakarrik perretxikoen inguruan baita ondarearen berri izan zutela. Hori guztia lagun giroan”.