Lekeitioko Udalak logotipo “modernoagoa, hurbilagoa eta garbiagoa” sortu du
“Armarriaren oinarrizko elementuak berriztu eta gaurkotasun ukitua eman diogu”, azaldu dute. Horrez gain, herritarrekin harremanetan jartzeko bide berriak zabaldu dituzte.
Lekeitioko Udalak irudi korporatibo berria du. Logotipo berria sortzerakoan, udaleko armarriko elementuak izan dituzte kontuan, itsasoa, balea, gaztelua eta itsasontzia, adibidez. “Garaira moldatu dugu, betiere, herriaren eta udalaren nortasuna mantenduz. Logo berria modernoagoa, hurbilagoa eta garbiagoa da”.
Hain zuzen ere, Lekeitio “nortasun beteko” herria dela nabarmendu dute, “itsasotik eta itsasora begira” sortu eta bizi dena: “Berezkoak ditu hizkuntza, kultura eta izaera. Nortasunez bizi gara eta horrela eraiki nahi dugu herria. Alaitasunez, elkarlanean eta elkarrekiko zaintzan”. Horregatik, helburu dute udaleko euskarri guztiek “bateratasuna” izatea. Logotipo berria udalaren euskarri inprimakietan zein digitaletan “pixkanaka-pixkanaka” aplikatzen joango direla esan dute.
Logotipo berria. Argazkia: Lekeitioko Udala
Bide berriak. Irudi korporatibo berria bakarrik ez, Lekeitioko udalak herritarrekin harremanetan jartzeko bide berriak ere sortu ditu. Whatsapp kanala eratu dute, bertan mugikorrean zuzenean albiste desberdinak jasotzeko aukera izango dute herritarrek. Nagusiagoentzako, abenduan hasiko dira udal aldizkari berria etxeetara bidaltzen, mota guztietako gaien albisteez gain “herriko norbanako eta eragileei hitza” emango dietela esan dute. Horrez gain, Instragam kontua sortu dute sare sozialak indartzeko helburuagaz.
Hala ere, Lekeitioko Udalak “oso argi” du oraindik garrantzitsuena aurrez aurreko komunikazioa dela. “Herriarekin batera lan egiten dugu eta horretarako herriaren parte izan eta herria entzun behar da”. Horretarako, herri batzarrak egingo dituzte epe batzuen barruan eta “erabaki eta proiektu desberdinak azaldu eta iritziak jasotzeko” balioko dute. Lehendabizikoa azaroren 23an egingo dela aurreratu dute.