‘Sagutxo kaskarinak’ taldea irabazi du BBK bertso sariketako lehen kanporaketa, Markina-Xemeinen
Gaur [azaroak 6] Plazaberripeko kultur aretoan egin dute lehen saioa Bekobenta eta Bera Kruzeko ikasleen aurrean.
Markina-Xemeingo Plazaberripeko kultur aretoak hartu du gaur [azaroak 6] 31. Bertsolari Gazteen BBK Sariketako lehen kanporaketa. Bertan aritu dira nor baino nor gehiago Sagutxo kaskarinak eta Santa Eufemiko Zelaixen taldeak. Ikusleak, berriz, Bekobenta eskolako eta Bera Kruz ikastolako seigarren mailako ikasleak izan dira.
Hauek izan dira bertsolariak:
- Santa Eufemiko zelaixen: Eider Fernandez Aranburu, Ariane Sololuze Salaberria eta Iraia Lauzirika Ugarte
- Sagutxo kaskarinak: Amaia Gallastegi Urigoitia, Maddi Aurtenetxe Bustinxa eta Naroa Iturriotz Lauzirika.
Gaurko saioko aurkezlea Peru Vidal Gurrutxaga izan da eta epaimahaia Ander Elortegi Garateak, Etxahun Lekue Etxebarriak eta Koldo Gezuraga Seijidok osatu dute. Idazkari beharra Maria Ortega Zubiatek egin du.
Bertsolari gazteek urduritasuna alde batera utzi eta gogotsu ekin diete lanari. Bakarka zein binaka aritu dira kantuan. Hasteko, oinekin osatu behar izan dituzte bertsoak eta gero zortziko handian zein txikian binaka. Amaitzeko, puntuka ere abestu dute eta hamarreko handian ere. Proba guztiak kontuan hartuta, Sagutxo kaskarinak izan dira irabazleak epaimahaiaren arabera. Irabazleek azaroaren 20an jokatuko dute hurrengo kanporaketa, Getxon. BBK sariketako hurrengo kanporaketa eguaztenean [azaroak 8] 11:30ean jokatuko da, Bermeoko Eleizalde ikastolan.