Markina-Xemeingo Beti Jai elkarteak ibilketa nordikoko ikastaroa antolatu du
Izena eman nahi dutenek barikuan [azaroak 10] 17:00etatik 19:00etara jubilatuen elkarteko egoitzara hurbildu daitezke.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak ekimenak antolatzen jarraitzen du etenik gabe. Azkena, ibilketa nordikoko ikastaroa da. 20 pertsonako muga jarri dute eta izen ematea zabalik dago. Aurretiaz telefonoz egin daiteke 658 75 08 73 telefono zenbakira deituz. Bestela, aurrez aurre egitea nahiago dutenek, barikuan [azaroak 10] 17:00etatik 19:00etara jubilatuen elkarteko egoitzara hurbildu daitezke.
Ikastaro zabala da, hori bai, elkarteko kideek 5 euro ordaindu behar dituzte eta ez direnek 10 euro. “Prezioaren barruan sartzen da gehienez 20 pertsonarentzako bastoien alokairua”, zehaztu dute. Ikastaroari dagokionez, azaroaren 14an eta 21ean 11:00etatik 12:30era izango da, Plazaberripean, frontoiaren aurrean.
Antolatzaileek hainbat arrazoi eman dituzte martxa nordikoa egiteko: “Jarrera txarrei aurre egiten laguntzen du, bihotza indartzen du, odol-zirkulazioa hobetzen du, beste kirol batzuen praktika hobetzen laguntzen du, hezurrak gogortzen ditu artikulazioei kalterik egin gabe, diabetesa prebenitzen du, estresa murriztu, aldartea hobetzen du, loaren kalitatea hobetzen laguntzen du eta pisua galtzen laguntzen du”. Beraz, parte hartzeko eta izena emateko deia egin dute.