Saturrarango hondar isurien zergatia, aztergai
Mutrikuko Udalaren azkenengo udalbatzan Berdeak Equok aurkeztutako mozioa onartu egin da EH Bilduren aldeko botoekin. Azken urteetako hondar isuriek Zumaiako Ontziolen portutik ontziak ateratzeko beharrekin bat egiten dutela azaldu dute.
Mutrikuko Saturraran hondartzan egingo den hondar isurketaren aurreko kezka azaldu zen azkenengo udalbatzan, eta Berdeak Equo alderdiak aurkeztutako ‘Hondar isurketak Saturraranen’ mozioa aldeko botoekin babestu zuen EH Bilduk eta EAJ abstenitu egin zen.
Eusko Jaurlaritza eta Kosta Zuzendaritzak erabakita Saturraran hondartzan beste hondar isurketa bat egingo dute, azken urteetan egin den bezala, hondar falta duen gunea dela argudiatuta, eta hondarra Zumaiako badiatik ekarriko da. Berdeak Equo alderdiak ekimenaren zergatia zalantzan jarri du, hain zuzen ere, Saturraranen egiten diren isurketek Zumaiako Ontzioletatik itsasontzi handiak atera behar diren momentuekin bat egiten dutela argudiatuta. “Zumaian kokaturik dauden Ontziolatik itsasontzi handi bat atera behar duten bakoitzeko Urola Ibaiko bokalea dragatu beharrean aurkitzen da Eusko Jaurlaritzako Portuko Zuzendaritza, bokale horretan hondarra pilatzen joaten delako. Sakonerak ez du ematen eta dragak erabiltzen dira tokia egiteko Urola Ibaiaren bukaeran. Dragatutako materiala, berriro ere, eta ez da lehenengo aldia, ezta bigarrena ere, Mutrikuko Saturarrango hondartzan isuriko dute”.
Joseba Palenzuela alkateak babestu egin du Berdeaken mozioa, herriaren sentimendua eta udalaren ekarpenak Eusko Jaurlaritzara bideratu behar direla esanez. “Saturrarango dinamikaren kontua aztertu beharra dago. Noiz bota behar da hondarra? Saturraran ondo jartzeko asmoz botatzen dutela diote, baina sentimendu hori beti dator Zumaia libratu behar denean. Ostera, beste une batean Saturraranen falta badago, naturaren zikloa dela esaten dute. Hondar isurketak egin behar badira, ez daitezela modu arbitrario eta kapritxosoan egin Balentziaga ontziolatik itsasontzia atera behar dutelako, benetan behar delako baino”. Hortaz, Saturrarango egoera aztertzeko beharra nabarmendu du.
Hondarraren kalitatea. Horrez gain, aurkeztutako mozioak isuriko den hondarraren kalitatea zalantzan jarri du:”Gogoan izan behar dugu Urola ibaiak industriarekin izan duen iraganeko eta oraineko harreman estua. Horregatik, bertan dragatzen den edozein material, hondarraz aparte, fango, metal astunak eta orokorrean industriaren hondakin aztarnak izango dituelaren susmo handia daukagu”.
EAJ alderdia abstenitu egin da, baina Jaurlaritzari galdera bat egiteko beharra erakutsi dute: “Galdetu beharko genioke ea, zergatik beti Mutrikun?”. Hala ere, “alarmarik sortzeko beharrik” ez dagoela argudiatu du, hondarraren kalitatea aztertuta dagoela argudiatuz.
Hortaz, ekarpenak bideratzeari dagokionez bat egin dute alderdiek, mozioa onartu egin da eta Kosta Zuzendaritzako dagokion atalean aurkeztuko dituzte alegazioak “Zumaian dragatzen diren hondar eta fangoak Saturrrarango hondartzan isuri ez daitezen eta Kosta Zuzendaritzari alegazioaren berri emango dio, Mutrikuko Udalaren borondatearen jakitun izan dadin”.