Zapatuan kanpaiak joko dituzte Aulestin
Dokumentalaren grabaziorako erabiltzeko asmoz, kanpaien hizkuntza "galdua" grabatuko dute Ondare Taldekoek. Herritarrak jakinaren gain egotea nahi dute.
Aulestiko Ondare Taldea dokumental bat prestatzen ari da eta grabaketa eguna edukiko dute zapatuan [azaroak 11], hain zuzen ere, galduta dagoen kanpai hizkuntza grabatu nahian, kanpai hotsak jo eta filmatuko dituzte.
12:00etan hasiko dira kanpai jotzearekin eta hil kanpaiak, jai bisperako kanpaiak, su edo larrialdi kanpaiak… joko dituzte. Hori dela eta herritarrak jakinaren gainean jarri nahi dituzte, ez daitezen beldurtu: “Grabazioan kanpaiak joko ditugu eta zarata asko aterako dugu, hortaz, jendea jakinaren gain egotea nahi dugu, ez daitezen beldurtu edo kezkatu. Kanpaiak entzutean ez dezatela ezer gertatu denik pentsatu”.
Entzutera hurbildu. Horrez gain, hizkuntza berezia berrartuko dutenez, herritarrei plazara hurbiltzeko deia egin nahi izan diote, kanpai hots bereziak entzuteko.