300 bonu gehigarri jarri ditu herritarren eskura Ondarroako Udalak
Euskadi Bono Denda kanpainara atxikita dauden herriko establezimenduetan gastatzeko aukera egongo da. Abenduaren 5a izango da azkenengo eguna.
Euskadi Bono Denda kanpaina abiatu zen atzo [azaroak 8] eta abenduaren 5era bitartean egongo da martxan Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek aurrera daramaten ekimena. Ondarroako Udalak ekarpen gehigarria egin dio kanpainari eta 300 bonu gehiago atera ditu, zehazki, kanpainara gehitu diren herriko komertzioetan gastatzeko.
Ondarroan 43 establezimendu atxikitu dira Euskadi Bono Kanpainara, hortaz, udalaren laguntza gehigarri bat izango da herriko komertzio eta erosleentzat. Udalak 3.000 euroko aurrekontua onartu du horretarako, bonu bakoitzeko 10 euroko ekarpena egingo baitu.
Zatozte dendarien elkartearekin elkarlanean aurrera eramandako ekimena dela adierazi du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak: “Kanpaina egokia dela ikusi dugu udaletik ere ekarpena egin eta herriko komertzioa zein herritarren eros-ahalmena sustatzeko. Gainera, guk jaulkitako 300 bonoak herrian bertan erabiltzeko izateak kanpainari balio gehigarria ematen diola uste dut”.
Euskadi Bono Dendako bonuak ez dira erosi behar, kanpainari atxikitako establezimenduetan ordaintzeko orduan eskatu behar dira. Bonu bakoitzak 10 euroko deskontua du, gutxienez 30 euroko erosketen gainean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi den 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez 5 bonu jaso ahal izango ditu, 50 euroko balioarekin.