Anaitasuna taberna omenduko dute Erain Kipuliai Egunean
Egun osoko egitaraua antolatu dute, "arnasgune" bezala definitzen duten guneari omenaldia egiteko. Bazkarirako txartel guztiak saldu dira.
Ondarroako Anaitasuna tabernari omenaldia egiteko asmoz, herritar talde batek indarrak batu eta Erain Kipuliai eguna antolatu du zapaturako [azaroak 11]. Musika, bazkaria, danborrada eta mus txapelketa tartean, egun osoko egitaraua kaleratu dute.
Anaitasuna tabernan batzen diren adin desberdinetako talde bat dago antolaketaren arduradun eta argi dute zapatuko eguna omenaldi bezeia izango dela: “Bertan batzen garen adin tarte desberdinetako jendearen artean antolatu dugu Anaitari eta Kaponeri eskainitako omenaldia”. Anaitasuna tabernaren ezaugarri berezigarri den musikakĀ giro zehatza jarri eta bilgune bilakatzen du. “Gure estiloko eta gure gustuko musika eta giroa egoten den taberna da. Musika honen lekua den herriko taberna bakarra, eta horregatik da, hain zuzen ere, gure arnasgunea“.
Eguerdian mahai inguruan batzeko deia egin eta 100 txartel atera zituzten marmitako janera batzeko: denak saldu dira. Tabernaren inguruan egingo dira ekimen guztiak, eta zehazki, Berdura plazan batuko dira bazkarirako eta baita kontzertuetarako ere; Gominols eta Jake Mate taldeak izango baitira tabernaren nortasunari aipamen egin eta ilunabarrean jai giroa goi-goian jarriko dutenak.
EGITARAUA
- 12:00. Txupina eta Ojaelitoren jaurtiketa.
- 12:30. Danborrada.
- 13:00. Pintxeoa.
- 14:30. Marmitako jana.
- 16:00. Mus finala.
- 18:00. Kontzertuak: Gominols eta Jake Mate.