Badator Lekeitiora HITZAren eta Errigoraren urteurren ospakizuneko jaia
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAren hogeigarren urteurrena eta Errigoraren hamargarrena ospatzeko eguna izango da biharkoa: "Zuokin ospatu nahi ditugu, elkarrekin".
Ilusioa. Poza. Adorea. Hitz askorekin definitu daiteke proiektu baten hasiera, eta guztiek balio dute Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzaren eta Errigoraren sorrera definitzeko ere. Hala ere, bada bat bi proiektuak bereziki elkartzen dituena: euskara. Horri tiraka hasi ziren lanean lehenengo HITZAko kideak duela 20 urte.
Ordutik, urteurren ospakizun eta egun berezi bat baino gehiago izan dira: Hitza Eguna Aulestin, bosgarren urteurrena Lekeition, hamargarrena herriz herri eta hamabosgarrena Markina-Xemeinen. Hogeigarrena ere heldu da, eta Lekeitioko Independentzia plazan ospatuko du komunikazio proiektuak, bere sorreratik bidelagun izan duen Errigoragaz batera.
12:00etan hasiko da ospakizuna, Nerea Gartziaren gidaritzapean. Ostean, txalaparta hotsek hartuko dute Lekeitio, Amaia Onaindia eta Miren Barrutiaren eskutik. Nekane Akarregi HITZAko lankidearen irrintzia entzungo da ondoren. Iratxe Ibarra eta Aissa Intxaustiren bertsoez gozatzeko aukera ere egongo da, Txapelpunkek erreleboa hartzen dienera arte. Talde argazkiaren ostean, DJ Koolek girotuko du eguerdia. Hori gutxi ez, eta goizean bertoko ekoizleen azoka egongo da. HITZAren erakusketa ikusteko aukeragaz batera, Errigorako produktuak dastatu ahal izango dira, Oier Biritxinaga sukaldariagaz.
Indarrak batuta. Egun berezia izango da biharkoa, zalantzarik gabe. “Ondarroako Kafe Antzokian aurkeztu genuen egunkariaren lehen zenbakia. 2003ko azaroaren 11 zen. Bi puntu azpimarratu zituzten bertan bildutakoek: egitasmoak euskararen normalizazioan lagunduko zuela eta Mutrikuk eta Lea-Artibaiko herriek elkar ezagutzeko balioko zuela. Horrela izan da, eta oso harro gaude lortutakoagaz”, adierazi du Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEAren zuzendariak.
Natxi Aranburu Errigorako presidenteak ere, gogoan du proiektuaren hasiera: “Bagenekien produktuak saltzea eta hortik dirua ateratzea baino askoz urrunago joan behar ginela. Aterabidea langa hori gainditzea zela konturatu ginen. Panorama lausotuari beste helduleku batzuetatik tira egin, eta uste dut helburua lortu dugula».
Biharko ospakizuna «adoretze eta ahalduntze egun bat» izango dela azpimarratu du Aranburuk: «Elkarrekin topo egingo dugu, hasierako ilusio berberagaz».
Bidelagun, eskerrik asko. Ospakizuna posible egingo duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete eta, nola ez, herritarrei gonbidapena egin diete, elkarrekin urteurrenak ospatu ditzaten. «Urteurrenak zuokin ospatu nahi ditugu. Jarrai dezagun elkarrekin euskara hauspotzen»