Gipuzkoako Orientazioko Ligako seigarren proba, etzi
Herrigune barruan, txandaka eta trafikoa zabalik dela egingo dute lehiaketa. Maila denetara egokitutako ibilbideak prestatu dituzte.
Domekan [azaroak 12], Mutrikun egingo dute Gipuzkoako Orientazioko V. Ligako seigarren proba. 09:30ean ekingo diote eguneko egitarauari, orduan zabalduko baitzaie harrera gunea parte hartzaileei. 10:00etan hasiko da lehia, Mutrikuko udal kiroldegian, lehenengo irteerekin. Helmuga, ostera, Txurruka plazan edukiko dute. Udaletxe azpian, beste alde batetik, antolatzaileek espazio bat prestatuko dute, parte hartzaileek beraien motxilak utz ditzaten.
Partaideak txandaka aterako dira, minuturo eta bi minuturo, eta Mutrikuko herrigunean egingo dute saio osoa, ibilgailuen trafikoa zabalik dela. Antolakuntzatik gogoratu dute nahitaezko baldintza izango direla bai oinezkoekin kontu handiz ibiltzea, bai ingurunearekiko errespetua edukitzea.
Hiru ibilbide (gorria, laranja eta horia) edukiko dituzte, eta modu linealean egin beharko da orientazioa; izan ere, ibilbide bakoitzean kontrol eremuak egongo dira, eta parte hartzaileek ordena jakin batean topatu beharko dituzte. Behin helmugara iritsita, SPORTident pintza deskargatu beharko dute partaideek, eta ticket bat emango zaie.
Ticket horretan agertuko zaizkie, hain zuzen ere, ibilbidea egiteko behar izan dituzten denborak. Batetik, denbora totala ikusi ahalko dute; bestetik, kontrol eremu batetik bestera egiteko igarotako denbora. Bestalde, parte hartzaile guztiek derrogirrez igaro beharko dute helmuga lerroa, ibilbide guztia egin ez badute ere; izan ere, antolatzaileek partaide denak bueltatu direla ziurtatu beharko dute.
Azken irteera txanda 12:00etan egingo dute. Lehenik, 10:15ean, oinarrizko orientazio ikastaroa emango dute antolatzaileek. Ordu laurden inguruko saioa izango dela aurreratu dute, etabertan azalduko dituzte orientazio alorrean zutabe diren teknikak nahiz kontzeptuak. Parte hartzaileek ibilbideak amaituta, 13:30ean, Gipuzkoako Orientazio Ligako sari ematea egingo dute.
Ibilbideei buruzkoak. Hiru zirkuituak Ricardo Garcia Dengrak sortutakoak dira, eta Ibon Goikoetxea izan da trazatzailea. Parte hartzaileek 1:4000 eskalan edukiko dituzte ibilbideok.
Zirkuitu horia hasiberriei edota haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, ez baitauka desnibel handirik eta zailtasuna oso mugatua baita. Laranjari dagokionez, ez du zailtasun teknikoa aipagarriegirik eudkiko, baina orientazio ezagutzak eskatuko ditu. Gorria, azkenik, eskarmentudun jendearentzi zuzenduta egongo da, hala teknikotasunari, nola eskaera fisikoari dagokionez.