'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina martxan jarri du Uemak
Gaur [azaroak 14] aurkeztu dute kanpaina berria euskaldun arrazalizatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko deia eginez. Euskarak “kolore asko” dituela eta azalaren “kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak” direla gogoratu nahi du.
Ondarroa zuzenean da kanpainaren parte. Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, Uemak barikuan [azaroak 10] Ibarran aurkeztu zuten Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten protagonistak. Hain zuzen ere, horietako batzuk ondarrutarrak dira Leitzan, Ibarran, Zestoan eta Zaldibian bizi diren umeekin batera.
Euskara lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean. Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota “auskalo zergatik” erdaraz hitz egiten diete. Eta ez dute gustuko, euskaldunak direlako. “Badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako”, esan dute. Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu nahi izan dute: “Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren”.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik zehaztu du kanpaina honen abiapuntuan Zaldibian hasi zuten Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dagoela. “Bertako ikasleen herena kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira gaur egun, eta eskolak behar handia ikusi zuen horien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz”.
“Azalen koloreak kolore, euskaraz egiteko gogoa dutela eta horretarako aukera eman behar diegula herritar guztiei”
Kanpainaren irudietan ikasleak agertzen diren arren, helduei zuzendutako kanpaina ere bada. “Euskara ikasi duten heldu askok ere eskatzen baitigute euskaraz egiteko mesedez. Hori nabarmendu nahi dugu kanpaina honekin, azalen koloreak kolore, euskaraz egiteko gogoa dutela eta horretarako aukera eman behar diegula herritar guztiei”.
Kanpaina hau egiteko “beharra” sumatu dute. “Euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek euskaldunak direla nabarmendu nahi dugu. Eta, beraz, herritar horiei ere euskaraz hitz egiteko eskatu nahi diegu gainerako herritarrei kanpaina honekin”. Jatorriz atzerrikoak diren familia horiek ohartu ziren beharrizanaz. “Aurreiritziengatik seme-alabei erdaraz egiten zietela herritar askok, eta horri erantzuteko beharra ikusi genuen, zerbait egiteko beharra zegoen”.