Baldintza desegokietan 200 kilo arrain zeramatzan auto bat gelditu dute Ondarroan
Gidariak bere kontsumorako dela adierazi du. Bizkaiko Foru Aldundiko Arrantza Ikuskaritzako teknikariak espedientea ireki diote gidariari.
Ertzaintzaren patruila batek ibilgailu bat gelditu zuen domekan [azaroak 12] 09:30ak aldera, 200 kilo arrain zeremana baldintza desegokietan, arrain garraiorako egokia ez den ibilgailu batean. Bizkaiko Foru Aldundiko Arrantza Ikuskaritzako teknikariak materialaren kargu hartu dute eta zehaztapen espedientea ireki diote gidariari.
BI-638 errepidean debekatutako maniobra bat egiteagatik gelditu zuten ibilgailua, zehazki, marra jarraituko eremuan bira emateagatik. Gidariak, ibilgailuan zegoen bidaiari bakarrak, ez zion Ertzaintzak egindako jarraibideei kasurik egin, eta geldiarazi egin zuten ibilgailua. Gainera, ibilgailuak zeraman gainkargarekin ohartu ziren.
Gidaria identifikatu zutenean, maletategian 200 kilo arrain zituela ikusi zuten, plastikozko poltsatan banatuta eta baldintza osasungaitzetan. Gidariak “bere kontsumorako” zirela adierazi zuen. Ondarroako Ertzain-etxera eraman zuten gidaria eta Bizkaiko Foru Aldundiko Arrantza Ikuskaritzako teknikariak egin ziren aurkitutako arrainaren kargu. Beharrezko frogak egin ondoren, zehapen-espediente bat ireki zioten gidariari “trazabilitate ezagatik eta garraioaren baldintzen okerrengatik”.