Ekintzaz beteta dator Erroak Loran jaia Berriatuara
Azaroaren 24an, 25ean eta 26an ospatuko dute jaia. Erroak Loran eguneko [azaroak 25] bazkari herrikoirako txartelak salgai daude jada, urriaren 21era arte, udaletxean. Horrez gain, barikuan Goikolau Saria, zapatuan elikagaien, artisauen eta animalien azoka eta domekan antzezlana antolatu dituzte.
Badator zortzigarrenez Erroak Loran jaia, berriatuarrentzako hain berezia den jaia. Hiru egunez luzatuko da jaia Berriatuan: Azaroaren 24an hasi eta 26ra arte. Goikolau Kultur Elkarteak bultzatuta, herritarren nortasuna aldarrikatu eta festa giroagaz ospatuko dute asteburua. Herritar guztiak elkartzeko bazkari herrikoia ere egingo dute azaroaren 25ean, 14:30ean, Mendibarren Frontoian.
Bazkari herrikoirako txartelak salgai daude udaletxean, datorren astearteko [azaroak 21] 15:00rak arte. Umeek makarroiak, oilaskoa eta yogurra jan ahal izando dute, 8 euroren truke. Nagusiek aldiz, patatak errioxar erara, oilaskoa patatekin, postrea, kafea eta txupitoaren truke 20 euro ordaindu beharko dituzte. Horrez gain, eskaintza begetarianoa ere egongo da aukeran. Aurtengoan ere, iazko antzera, 350 lagunetik gora elkartzea espero dute antolatzaileek.
Bazkaria herri guztia elkartzeko aitzakia nahikoa ez, eta aurreko egunean, azaroaren 24an, Goikolau Saria ospatuko dute: “Kutsu herrikoi eta kulturala duen eguna da. Herriko taldeek egiten duten lana eta herriko mugimendua baloratu eta eskertzeko eguna da”. Aurten gainera, formatua aldatuta dator: “Zaharrak Berritxu dokumentala emango dugu, herriko historian egon diren elkarte eta lan desberdinei buruzko laburpen bat batzen duena”.
Dokumentalaren ostean eguneko momentu handia helduko da, eta Goikolau Saria banatuko dute: “Aurten herriko nagusien elkarteari eman nahi diogu saria, Anaitasuna elkarteari, historian eta herrigintzan egin duten lanarengatik”. Horrez gain, Goikolau Kultur Elkarteak herriko ondare inmaterialaren zati handi bat bilduta dauka, eta horren berri ere emango dute, Goikolau Saria banatu ostean. Egunagaz amaitzeko musikak hartuko du Berriatua, eta festari hasiera emango diote.
Festagaz jarraitzeko, zapatuan [azaroak 25] goizean goiz hasiko dute Erroak Loran eguna. 10:00etan zabalduko dute elikagaien, artisauen eta animalien azoka: “Iaz batu zen Erroak Loran jaira Berriatuko azoka, eta indar handia ematen dio egunari. Azokak herritik haratago joatea eragiten du, eta eskualde mailako egun bilakatzen da”.
Azoka, gainezka. Gazta, eztia, baserri eta arrain kontserbak, gozoak, bitxiak, poltsak, saskiak… Ezin beteago egongo da Berriatuko plaza zapatuan [azaroak 25] 14:00ak arte, 11 artisauren eta hamazazpi ekoizleren postuekin. Elikagai eta produktuez gain, animaliak ere ez dira faltako. 54 animalia egongo dira ikusgai: behiak, idiak, zaldiak eta poniak, esaterako. Hori gutxi ez, eta zortzi artalde eta hiru ahuntz talde ere egongo dira herriko plazan. “Guzti horrez gain, herriko Hostozabal Elkartea ere egongo da taloak saltzen, eta baita herriko ikasleak ere ikasbidairako dirua biltzen”.
Goiza ezin hobeto girotuta eta argazki erraldoiaren eta bazkari herrikoiaren ostean, Trikizio taldearen erromeria egongo da, 19:30ean, karpan. Musikagaz, goi-goian amaituko dute eguna Berriatuarrek. Azken egunerako indar apur bat gorde, eta domekan [azaroak 26] Hondamendia antzezlanagaz amaiera emango diote aurtengo Erroak Loran jaiari.