Gaztainaren jaia ospatuko du Ondarroako Galizia Etxeak
Zapatuan [azaroak 18] eta domekan [azaroak 19] egingo dituzte ospakizun ekimenak. Gaztaina erreak eta Galiziako produktuak egongo dira Itsasaurren.
Ondarroako Galizia Etxeak gaztainaren jaia ospatuko du asteburuan, zehazki, Magosto Eguna. Galizian familiak batzeko egun berezia izan ohi da eta data esanguratsua asteburu honetan egitea erabaki dute, zehazki, zapatuan [azaroak 18] eta domekan [azaroak 19] egingo dituzte ospakizunak.
Iaz ospatu zuten Galizian tradizio den eguna estreinakoz, hain zuzen ere, Galizia Etxeko zuzendariaren burutapenez, eta jaiak izandako erantzuna ikusita, berriz ere antolatzeari ekin diote: “Iaz animatu ginen estreinakoz eta aurten ere errepikatzea erabaki dugu. Egia esanda herritarren aldetik harrera ona izan zuen jaiak eta jendeak gustuko izan zuen”.
Ospakizunean udazkeneko fruitu ohiko bat omentzen da: gaztaina. Magosto hitzak gaztainak erretzeko sua esan nahi du eta horixe da egingo dutena. Goiz osoan gaztainak erretzen ariko dira, horretarako eskuz egindako ontzi bat baliatuz. “Gehiegikeriarik gabeko jaia egingo dugu, iazko formulak erantzun ona izan zuela ikusita, formula berdinagaz bueltatuko gara”.
“Galiziar tradizioak zioenez, gaztainek hildakoen arima sinbolizatzen zuen”.
Itsasaurre izango da jaiaren erdigunea eta goizean gaztainak erreko dituzte eta Galiziako produktuak erosteko aukera egongo da, gainera, Os Novos Mariñeiros gaiteroek giroa alaituko dute. Ilunabarrean, berriz, Queimada egingo dute eta DJ Zirkin izango da giroa alaitzeaz arduratuko dena.
Tradizioa oinarri. “Galiziar tradizioak zioenez, gaztainek hildakoen arima sinbolizatzen zuten. Magosto jaian erretako fruitu bakoitza, purgatoriotik libratzen zen arima bat zen, ospakizunagaz bat egiten zuena”.
EGITARAUA
Zapatua [azaroak 18]
- 12:00. Irekiera ekitaldia. Gaztaina erreak eta Galiziako produktuen salmenta, Itsasaurren.
- Ostean. Ondarroako Galizia Etxeko Os novos Mariñeiros gaita taldearen bermut saioa.
- 19:00. DJ Zirkin.
- 21:00. Queimada.
Domeka [azaroak 19]
- 12:00. Gaztaina erreak eta Galiziako produktuen salmenta, Itsasaurren.
- Ostean. Ondarroako Galizia Etxeko Os novos Mariñeiros gaita taldearen bermut saioa.