Izarren Gauak erabakiko du JAWTko finala
Bilboko Club Deportivok Izarren Gaua hartuko du. Gizonezkoek Jai Alai World Tourreko finala jokatuko dute; partidu hori orduko, emakumezkoen txanda izango da.
Puntistarik onenek denboraldiko hitzordurik berezienetako bat edukiko dute datorren barikuan [azaroak 17], Bilbon: Izarren Gaua txapelketa lehiatuko dute Club Deportivo pilotalekuan. Gizonezkoen nahiz emakumezkoen partiduak lehiatuko dituzte Bizkaiko hiriburuan, puntako parte hartzeagaz. Gaur [azaroak 18] aurkeztu dituzte lehiaren nondik norakoak; aurkezpen agerraldian egon dira, besteren artean, jokatuko duten pilotarietako zenbait, antolatzaileak nahiz sustatzaileak.
Sarrerak internetez eros daitezke, baina barikuan frntoiko sarreran ere lortu ahalko dira
19:30ean hasiko dituzte partiduak, eta sarrerak dagoeneko salgai daude. Horiek erosteko, bide bi daudela aurreratu dute antolakuntzatik: batetik, internet bidez eros daitezke; bestetik, barikuan ere erosi ahalko dira, pilotalekuko sarreran. Sarrera bakoitzaren prezioa 16 eurokoa da.
Bilbokoa zita esanguratsua izango da, besteak beste, aurtengo Jai Alai World Tour zirkuituko finala hartuko baitu. Gernika-Lumoko Eusko Label Winter Seriesen bere profesional ibilbideko azkenengo txapelketa handia lehiatzen ari den IƱaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarrak Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindar gazteagaz osatuko du bikotea. Finalean, beste puntista eskarmentatu eta gazte biz osaturiko bikotea edukiko dute aurrez aurre: Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Thibault Basque bidartarrak eraturikoa. Lea-Artibaiko pilotari bat gailenduko da, beraz.
Emakumezkoen partidua Barrenetxea-Arakistain eta Merino-Watkins bikoteen artekoa izango da
Gizonezkoen norgehiagoka orduko, emakumezkoen txanda izango da. Berriki Mutrikuko Miruaitz frontoian lehiatutako Euskal Herriko Elite mailako Txapelketan aritutako pilotariek jokatuko dute: Helena Barrenetxea durangarrak eta Ihart Arakistain berriatuarrak Naroa Merino tolosarraren eta Frida Watkins zumaiarra edukiko dituzte aurkari. Arakistainek, hain zuzen ere, aipatutako txapelketa irabazi zuen, Eneritz Lizardi mutrikuarragaz batera.