Mutrikuko edukiontzi berriak zerbitzuz kanpo daude abenduaren 1era arte
Debabarrenako Mankomunitateak edukiontzi berriak jarri ditu, baina gaur gaurkoz, zerbitzuz kanpo daude. Hortaz, aurretiaz zeuden edukiontzietara bota behar dira hondakinak.
Debabarrenako Mankomunitateak edukiontzi berriak jarri ditu Mutrikun eta Debabarrenako hainbat herritan, erosotasuna bilatzeko asmoz igluak ordezkatzeko. Edukiontzi berriak zerbitzuz kanpo daude abenduaren 1era bitartean, baina herritarrak edukiontziak erabiltzen hasi direla atzeman dute.
Mankomunitateak 456 edukiontzi berri jarri ditu eta edukiontzi berrietan “argi adierazten da” zerbitzuz kanpo daudela, hala ere, herritarrak erabilera ematen hasi dira. “Gogorarazi nahi dugu zerbitzuz kanpo daudela, izan ere, orain bertan uzten diren hondakinak ezin izango dira hustu abendura arte, zerbitzu berria martxan ipini arte”.
Aurretiaz zeuden igluak metro gutxi batzuk mugitu dituzte, probisionalki, berriak martxan jarri bitartean ,eta momentuz hondakinak igluetan bota behar dira. “Herritar ugari hasi da zabor poltsak lurrean uzten, igluetara gerturatu eta bertan bota ordez”.