«Kantitateari baino, kalitateari ematen diogu garrantzia»
Gorka eta Iban Muniozguren anaiek eta Leila Ortizek egiten duten ahuntz gaztak irabazi du Euskal herriko Gazta Onenaren saria. Eta bigarren urtez jarraian, ahuntz gazta onenaren saria ere jaso dute.
Zelan zaudete Euskal Herriko Gazta Onenaren saria jaso eta gero?
Topera. Oso hunkituta gaude, handia da lortu duguna. Oso pozik gaude, gainera, ez genuelako espero. Ahuntz gaztarik onenaren saria irabazteko aukerak genituela bagenekien, iaz ere irabazi genuelako, baina, oro har, gaztarik onenaren sariarena ez genuen espero. Ilusioa eta esperantza bagenituen, bestela ez ginateke aurkeztuko. Handia da txapeldunen txapelduna izatea.
Asko esatea da: Euskal Herriko Gazta Onena.
Zalantza barik. Guk genuen gaztarik onena eraman genuen Tolosara, baina ez genuena guztiz espero zen hori bera Euskal Herriko onena izatea. Oraindik sinistu barik gaude, emozioz beteta, eta hori denbora pasa dela eta barneratzeko tartea izan dugula.
Zelan definituko zenuke Larruz ahuntz gazta?
Denentzako gazta da, fin sartzen dena eta, gero, zaporez garbia dena. Ez da oso sendoa edota pikantea beste batzuena bezalakoa, gurea finagoa da. Era berean, gero zaporea luzaroan ahoan uzten dizuna. Denentzako gazta azken batean, ume zein nagusi, hamaiketakoan zein gosarian edo afarian jatekoa, eguneko edozein momentutan ondo sartzen den gazta da.
Zenbat lan dago atzean?
Asko. Ikaragarri. Ziklo oso bat da, ez da egun batetik besterako emaitza. Txikitatik ahuntzaren elikadura zaintzen dugu, jaten zer eman behar zaion, behar bezala zaindu bakoitza, azken batean, zentzu guztietan. Gero, gainera, gazta bera egin beharra dago, banan-banan sekulako lana da. Eta behin eginda daudenean ere, zaindu beharra daude, hezetasuna kontrolatuta izan edota behar dutenean buelta eman nahi dugun bezala geratu arte. Asteko egun guztiak dira, urteko egun guztiak, etenik barik, atsedenik gabe.
“Ziklo oso bat da, ez da egun batetik besterako emaitza saria jasotzea”
Zelan hasi zineten gaztaren munduan?
Beti eduki dugu gogoa horrelako proiektu bat egiteko. Nik tailer batean egiten nuen lan, eta Iban anaia zoru leuntzailea zen. Hori bai, beti izan dugu gustuko baserri mundua, eta horren inguruko zerbait egin nahi genuela argi genuen. Arantzazura joan nintzen artzain eskolara, eta Markina-Xemeingo Baskaran gaztandegian egin nituen praktikak. Duela hamabost urte behin-betiko erabakia hartu genuen, eta Larruz enpresa sortu genuen. Eta gaur arte. Beranduago, Leila Ortiz ere batu zen gurera, eta orain hirurok gaude lanean.
Zelakoa da zuen egunerokotasuna baserrian?
05:00etan esnatzen gara, eta egiten dugun lehendabiziko gauza kortara joatea da, dena ondo dagoela ikusteko. Ahuntzekin lanean hasten gara, pare bat ordu egoten gara horretan. Jatekoa ere banatzen diegu, eta eguzkia badago, kanpora irteten dira ahuntzak, eta hotza edo euria badago, nahiago dute kortan berotan geratu. Ostean, gaztagaz jartzen gara buru-belarri. Egiteko asko dago, eta ordu askoko lana da gazta soil bat ateratzea, elaborazio lana luzea bezain gogorra da. 17:00ak arte egoten gara lanean, eta prentsan dagoen tartea baliatzen dugu atseden apur bat hartzeko eta bazkaltzeko. Gero, prentsatik atera behar ditugu, gatza eman eta kamaran sartzen ditugu, bertan zaporea hartzeko. Amaitzeko, ostera ere ahuntzengana joaten gara. Kanpoan badaude, kortara sartzen ditugu, eta bertan utzi eta jatekoa ematen diegu. Egun osoko lana da, 05:00etatik 20:00etara artekoa gutxi gorabehera.
Saria, beraz, egiten duzuen lan horri guztiorri egiten zaion aitortza bat da.
Hori da, zalantzarik gabe. Zorionez, salmentetan ondo gabiltza, ez ditugu sektorean beste lagun batzuek dituzten arazoak. Berez, oso gustura gaude orain arte jendeak emandako erantzunagaz, salmentetan nabaritzen dugu baina, horrez gain, gaian adituak den jendeak ere horrelako errekonozimendu bat ematea ere pozgarria da. Egiten duzun lan guztiaren emaitza da eta, era berean, ondo egindako lana dela esaten digu eta bide onetik goazela. Izan daiteke zuk ustea zure lana oso ona dela, baina jendearengandik erantzun bera ez edukitzea. Hori ere gerta daiteke.
Oraindik ez da denbora asko pasa, baina saria irabazteagatik salmenta igoerarik edo bestelako erantzunik nabaritu duzue jendearen aldetik?
Bai, noski nabaritzen dela. Azkenean, Larruz leku askotan ikusi dute herritarrek, eta orain arte gure gazta probatu ez dutenek, orain, kuriositatez bada ere, dastatu egin nahi dute Euskal Herriko gaztarik onena. Bazkide berriak egin ditugu, hau da, gero eta jende gehiagok nahi du gure gazta eduki. Horrez gain, gure betiko dendetan ere gorakada sumatu dugu saria irabazi genuenetik. Horrez gain, asko izan dira jaso ditugun zorion mezu edota deiak. Hala ere, hankak lurrean dauzkagu, badakigu hau olatu bat dela, orain gorenean gaudela, baina gero beheranzko joera ere hartuko duela. Beraz, orain gozatu egin behar dugu. Gainera, guretzako bultzada handi bat da, izena egitea, azken batean. Iaz ere ahuntz gazta onenaren saria jaso genuenean, nabaritu genuen gorakada. Baina oraingoa bestelakoa da.
Eta orokorrean, zelan dago sektorea?
Oso txarto dago, desastre. Asko igo dira prezioak bazkan edota pentsuan, pila bat. Ahuntzen jatekoan, adibidez, iaz %50 igo ziren prezioak. Ikaragarria da. Gainera, guk sufritzen dugu igoera hori. Ezin du zuzenean eta maila berean gaztaren prezioan eragin. Prezioa apur bat igo dezakezu, baina ez gehiegi. Ordu asko sartu behar dira, sakrifizio handiko lana da, eta geratzen den onura ez da batere ona. Sektoreko langileak ikusi besterik ez dira egin behar, gazte gutxi daude eta sartzen direnek gutxi irauten dute. Gaur egun, gu gara gazteenetarikoak. Egia da Lea-Artibai eskualdea indartsua dela gaztari dagokionez; Baskaran edota Txikiñe bezalako ereduak ditugu.
“Guretzako bultzada handi bat da saria, izena egiten duzu azken batean”
Saria jaso ondoren, badaukazue salmenta guneak zabaltzeko asmorik?
Egia esan, ez. Lea-Artibain eta Bizkaian saltzen ditugu batez ere gure gaztak, geure ingurukoei, geure jendeari. Ez daukagu horrelako handikeriak egiteko asmorik, ez da gure mentalitatea multinazional bat izatea, ezta gutxiago ere. Gure baserri txikia daukagu, eta kantitateari baino, kalitateari ematen diogu garrantzia. Horretarako beharra egiten dugu.
Aurrera begira, badaukazue bestelako proiekturik edo hobekuntzarik aurreikusita?
Guk geureagaz jarraitu nahi dugu. Adibidez, egurrezko galdarak erabili izan ditugu orain arte, gehiago gastatzen duten eta kutsagarriagoak diren gasolinazkoak erabili beharrean. Aurten, adibidez, eguzki plakak jarri ditugu, gastu energetikoa apur bat jaisteko eta energia berdeagoak erabiltzearren, autosufizientzia energetiko horren bila. Errentagarritasunaren bila buelta bat eman nahi izan diogu baserriari.