Gaztainak eta familia giroa, protagonista
Ondarroako Galizia Etxea gaztainaren jaia, Magosto Eguna, ospatzen ari da gaur [azaroak 18] eta bihar [azaroak 19]. 19:00etan DJ Zirkin egongo da, eta 21:00etan, Queimada.
Itsaso usaina egon beharrean, gaztain usaina egon da gaur eguerdian Itsasaurren. Ondarroako Galizia Etxeak gaztainaren jaia ospatu du, Magosto Eguna, hain zuzen ere. Iaz lehenengo aldiz egin eta erantzun ona izan zuenez, aurten berriro ere egitea erabaki dute: “Eguna oso ondo hasi dugu. Jendea zain egon da goizean, ea noiz hasiko ginen gaztainak eta produktu galiziarrak ematen. Asko poztu gaitu horrek”.
Beraz, jendea zain, 12:00etan hasi da jaia, eta lagun eta familikoez inguratuta, gaztainak, txorizoa eta enpanadak jateko aukera eduki dute ondarrutar nahiz galiziarrek. Jan-edana gutxi ez, eta Ondarroako Galizia Etxeko Os novos Mariñeiros gaita taldeak musikaz bete ditu kaleak: “Ondarroara askotan etorri gara gaita jotzera. Iaz ere hemen egon ginen, eta oso jai polita ospatu genuen”.
Eguerdia gustura pasa dute Ondarroako Galizia Etxekoek, baina jaia oraindik ez da amaitu. 19:00etan DJ Zirkin arituko da musika jartzen eta 21:00etan Queimada egingo dute. Gainera, gaztain gosez geratu denak bihar [azaroak 19] edukiko du berriro ere gaztainak jateko aukera. Gaurko moduan, 12:00etan irekiko dituzte ateak, eta gaztain erreak eta Galiziako produktuak dastatzeko aukera egongo da, Itsasaurren. Nola ez, Os novos Mariñeiros gaita taldeak ere domeka eguerdia girotuko du. Horrez gain, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere badaude galiziar etxeak, eta azaroan bakoitzak bere Magosto Eguna ospatzen du: “Datorren asteburuan, esaterako, Eibarren ospatuko dute”.