Lekitto Musika Bandak Santa Zezili eguneko kontzertua eskaini du Nautika aurrean.
Eguzki epeletan, Lekitto Musika Bandaren kontzertuagaz hasi dute zapatua lekeitiarrek. Santa Zezili eguna azaroaren 22an den arren, asteburuagaz batera ospatu dute musikarien eguna. Herrian ezin maiteago duten Lekitto Musika Bandaren denboraldi berriko lehen kontzertua izan ohi da Santa Zezilikoa, baina Irailekoak Poesia Jardunaldiarekin batera hasi zuten aurtengo denboraldia, eta ondoren bandaren 156. urteurrena ere ospatu zuten.
Denboraldiko hirugarren kontzertu honetan ere herritarrek estimu handiz hartu dute herriko musikariek egiten duten lana, eta pixkanaka jendea batzen joan da Lekeitioko Nautika inguruan. Nola ez, Urtzi Iriondo Oliden mutrikuarrak zuzendu ditu musikariak.
Sei abestiko kontzertuari hasiera eman diote alai, Santa Zezili biribilketagaz, eta ostean, J. Teixidorren Fiesta en la caleta pasodoblea jo dute. Doinu ilunagoetara eta istorio sakonagoetara jo, eta Soutullo eta Verten La leyenda del beso zarzuela eta Mariano San Miguelen moldaketekin, Pablo Sorozabalen Katiuska (I) opereta entzun ahal izan dute herritarrek ondoren. Kontzertuko azken abestia jo aurretik, Claude Michel Schönbergen eta Alain Boublilen Les Miserables abestiagaz gozatu dute. Goi-goian amaitu dute kontzertua Lekitto Musika Bandakoek, Josef Hastreiterren moldaketagaz egindako Tribute to Michael Jackson joaz.
Ikusle eta entzuleek gustura hartu dituzte doinu alai nahiz ilunak, eta
txalo zaparrada bategaz amaitu dute aurtengo Santa Zeziliko kontzertua. Lekeition ez ezik, Lea-Artibaiko beste hainbat herritan eta Mutrikun ere Santa Zezili eguna ospatzeko hainbat
kontzertu eta ekintza egongo dira datozen egunotan.