Ondarroan gertatuko lan heriotza salatu dute
Aurten lan istripuz hildako 47. langilearen heriotza salatu dute gaur [azaroak 20], Ondarroako portuko sarreran.
Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez lelopean elkartu dira gaur [azaroak 20] Ondarroako portuko sarreran, duela 10 egun gertatutako lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, Galizako Corvo ontziko 66 urteko arrantzale bat hil zen Ondarroan, itsasotik lehorrerako sartu irten batean uretara erorita.
LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deitu dute elkarretaratzea, hain zuzen ere, aurten lan istripuz hildako 47. langilearen heriotza salatzeko. LABetik adierazi dutenez Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dute heriotza lan istriputzat hartu, lan orduz kanpo gertatutako istripu bat izan zela argudiatuz. “Honek arazoa areagotu besterik ez dute egiten, behar bezalako azterketa eta ondoriorik atera ezean, konponbidea bilatzea ezinezkoa delako”.
Arrantzaleen bizi eta lan baldintza prekarioak salatzeko borrokan ari direla zehaztu dute. “Izan ere, kanpotik Ondarroara datozen barkuetako arrantzaleak, atseden denboran daudenean ere bertan bizi dira. Gainera, Ondarroako Itsastarren Etxea aste hauetan itxi berri dute, Bizkaiko Aldundiak zerbitzua kendu eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua ezartzeko, bertan zeuden marinelak ostatu batean birkokatuz”.
Istripuak saihesteko neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Portuko Agintaritzari, ISMri eta arrantzako enpresei. “Batetik, Ondarroako portuan deskargatzen duten barkuetako arrantzaleentzat egitura egokiak jartzea, atsedenaldian dauden bitartean barkuetan bizitzera behartuak ez izateko. Bestetik, itsasontzitik porturako sartu irtenetan ohikoak diren istripuak ekiditeko, pasabideak edo antzerako sistemak jartzea”.