Adimen artifizialari euskaraz irakasteko erronkari heldu diote Aulestin
Auzolan digitalaren berri eman zuen barikuan [azaroak 16] Aulestiko Euskara Taldeak: "Oso beharrezkoa da euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat mundu digitalean lekua egitea".
Aulestiko Euskara Taldeak bat egin du Gaitu adimen artifizialak euskaraz hitz egitea sustatzeko proiektuagaz eta herritarrei aurkezteaz gain, erronka bat bota die, abenduaren 3a orduko 100-300 ekarpen egitea bakoitzak. “Etorkizuneko makinei erakutsi deizaiegun euskaraz”.
Batu ditzagun gure ahotsak teknologiari euskaraz irakasteko lelopean martxan jarritako proiektuaren helburuak bi dira; batetik, euskarazko ahots-corpusa sortzen laguntzea eta bestetik eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea. “Teknologiari euskara irakasteko milaka ahots bilduz, haren erabilgarritasun teknologikoa sendotu eta erabilera eremuak zabaldu ditzakegu”.
Barikuan, Gaituri buruzko azalpenak eman eta gaian sakondu zuten, hala nola, “adimen artifizialean zer gertatu daitekeen hizkuntza gutxituekin landu ezean”. Hamabi lagunek parte hartu zuten proiektuaren aurkezpenean eta bertaratutakoei mugikorretik auzolana egiteko pausoak erakutsi zitzaizkien, ahotsa grabatu, grabatutakoa entzun, esaldiak idatzi edota berridazteko aukerak.
Orain herritarrengan dago erronka: 100-300 ekarpen egitea herritar bakoitzak abenduaren 3a orduko. “Oso beharrezkoa da euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat mundu digitalean lekua egitea, etorkizun hurbilean makinekin euskaraz ondo hitz egin al izateko”.