Amubieta: "Bigarren mailako herritarrak dira, ez dute herritartasunik"
‘Ahlam, bizitza batekin amestuz’ komikiaren erakusketa ikusgai dago Etxelila Emakumin Topalekuan, hilabete amaierara arte; emakume palestinar errefuxiatuak ditu ardatz.
Libanon bizi ziren palestinar errefuxiatuak dira komikiko protagonistak. Zeintzuk dira emakume horiek?
Komikia osatu genuenean emakume desberdinen testigantzak jaso genituen, Libanoko emakumeen testuinguruaren argazki orokor bat jasotzeko. Gure helburua profil ezberdinetako emakumeak topatzea zen, batetik, jatorriari dagokionez. Libanon bizi diren palestinar errefuxiatu batzuk Palestinatik etorritakoak dira, baina beste batzuk, Sirian egondakoak dira. Horregatik nahi genituen profil ezberdinak, jatorri, adin, lanbide eta ikasketei dagokienez.
Testigantzetatik abiatuta fikziozko pertsonaiak sortu dituzue.
Testigantzak jasota, emakume desberdinen bizipenak bilduko zituzten pertsonaiak osatu genituen, Susanna Martin eta Cristina Buenorekin elkarlanean. Lau emakume protagonista horiek dira, jasotako testigantzen bizipenak nahastuta. Oinarrian, emakume errealen bizipenak dira, baina pertsonaiak fikzionatuta daude, narrazioaren alde.
“Egunerokoan aurrera egiteko dituzten nahiak kontatzen ditu”.
Ein El Hilwa kanpamentua da Libanoko handiena: kilometro karratu batean 50.000 pertsona bizi dira.
Errefuxiatuen bizitza konplikatua da Libanon. Bigarren mailako hiritarrak dira, ofizialki ez daukate herritartasunik onartuta, beste herrialde batzuetako kideek lortzen duten bezala. Hortaz, ez dute Libanoko zerbitzu publikoetara iristeko aukerarik. Palestinako errefuxiatu askok eta askok beraien bizitza errefuxiatu kanpamentuetara mugatzen dute, eguneroko bizitza mugatuta ikusten baitute.
Hezkuntza da lantzen duzuen gaietako bat.
Kanpamentu barruan dauden hezkuntza zentroak eta osasun zentroak Unrwakoak dira, baina behin oinarrizko ikasketak amaituta unibertsitatera joan nahi izanez gero, Libanoko unibertsitatera joan beharko lirateke, eta hor zailtasunak hasten dira. Ez daukate hezkuntza eta osasun sistemara sartzeko aukerarik kanpamentuetatik kanpo.
“Gazteen artean etsipen sentimendua da nagusi lana bilatzeko orduan”.
Ogibideak aukeratzeko orduan, guztiz mugatuta daude.
Ikasketak egitea lortuta ere, amaitzean lana lortzeko zailtasun handiak dituzte, eta gazteen artean etsipen sentimendua da nagusi, lana bilatzeko orduan. Gustuko duten ikasketak egiten dituzten arren, ez daukate aukerarik lanbideetara sartzeko, Palestinako errefuxiatuak direlako. Zailtasun gehigarri bat bilakatzen da, eta lortzen dituzten lanak, hortaz, prekarioak, aldi baterakoak edota kontraturik gabekoak dira. Ekonomikoki baldintzatuta egotea eta larriago ibiltzea ekartzen du horrek.
Hezkuntzan mugak, osasunean ere bai.
Ospitalera joateko errefuxiatu kanpamentuetatik atera beharko lirateke, baina kasu horretan oso garestia da beraientzat, zerbitzua ordaindu behar dutelako. Kasu askotan, zalantzan jartzen dute ospitalera joan edo ez, gastu horiei aurre egitea zaila baita.
Lau emakume, lau egoera. Zer daukate amankomunean?
Mediku bat, futboleko entrenatzailea den emakume gazte ikaslea, Siriatik etorri den emakume heldua, artea ikasi duena baina une honetan familia zaintzeaz arduratzen dena eta gizarte zerbitzuetako langile bat. Emakume horiek palestinar emakume errefuxiatu izateagatik beraien egunerokoan dituzten zailtasunak eta aurrera egiteko dituzten aukera eta nahiak kontatzen dituzte.