Herri hezitzaileak hezten, ametsetako Markina-Xemein sortzen
Herri hezitzaileak izatea helburu, 25 lagun inguru elkartu ziren atzo [azaroak 20] udaleko ordezkariek eta Oinherri Herri Hezitzaileak Susatzeko Elkarteko kideek Markina-Xemeingo elkarte eta norbanakoentzako prestatutako saioan.
Markina-Xemeingo herri hezitzaileen sarea sortzeko eta sustatzeko asmoz, atzo [azaroak 20] hasi zuten ibilbidea herriko hezkuntza eragile, elkarte eta herritarrek, eta nola ez, baita Markina-Xemeingo Udalak ere.
Herritarren erantzunarekin “oso pozik” daude udaleko ordezkariak. 25 lagun inguru elkartu ziren eta horien artean egon ziren hezkuntza formaleko ordezkariak (ikastetxeetakoak), hezkuntza ez formalekoak (aisialdi taldekoak, gaztelekuko hezitzaileak, guraso elkartekoak…) eta baita norbanakoak eta gazte eta umeekin lan egiten duten bestelako taldeetako ordezkariak ere (Zerutxu Dantza Taldekoak, Xemein Gazte Ahots Abesbatzako kideak…). “Horrenbeste jende batu izanak argi uzten du gaiak interesa pizten duela herrian, eta badagoela gogoa elkarlanean aritzeko”, adierazi du Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak.
Udaleko ordezkariez eta herritarrez gain, Oinherri Herri Hezitzaileak Susatzeko Elkarteko kide bat egon zen saioaren nondik norakoak azaldu, proiektuaren norabidea argitu eta saioa dinamizatzen: “Atzoko saioan irten zen nolako Markina-Xemein nahi dugun eta herri hezitzaileen ikuspegi honetatik ze balore nahi dugun gure ondorengoek jaso dezaten”.
Beraz, elkarlanean, datorren saioetan lantzeko gai garrantzitsu asko ondorioztatu zituzten atzo, eta herri hezitzaile moduan zer espero duten eta zer asmo, utopia edo amets dituzten marrazten hasi ziren. Herritarrek argi daukate nolako Markina-Xemein nahi duten: euskalduna, inklusiboa, errespetuzko harremanak dituena, kooperaziorako joera duena, auzolanean laguntzen duena, parekidea (berdintasunetik eta hezkidetzatik) eta zaintza komunitarioan lan egiten duena, esaterako.
Aurrera begira. Hurrengo saioetan hainbat gai mahaigaineratu nahi dituzte udaleko ordezkariek, elkarte eta norbanako batzuen eskuetatik iritsi zaizkienak, eta horren lanketagaz hasiko dira. Lanketa horrek bi esparru orokorretan eragingo du, eta horixe da hain zuzen ere herri hezitzailearen eginbeharra: “Alde batetik esparru biguna dago. Hor sartzen dira eragileak eta herriko sareak, esaterako. Hezkuntza sarea handitzea da helburuetako bat: eskolaz eta gurasoez gain, hezkuntza sare hori beste eragile askorengana zabaltzea. Bestalde, esparru gogorra dago, hirigintzaren arloa izango litzatekeena. Herri hezitzaile izateko herriaren egitura fisikoan ere aldaketak egin beharko dira”, nabarmendu du Lasak.
Ibilbidea. Udalak pausua orain eman badu ere, hauteskunde sasoia baino lehenagotik identifikatuta zituzten gai zehatz batzuk zeudela herriko hainbat eragilerekin partekatzen zituztenak. Lasak azpimarartu du ez zutela beste bilera soil bat izatea nahi eta hausnarketan geratuko zen proiektu bat izatea nahi: “Horri bueltak ematen genbiltzala, Oinherri elkarteko kide bat etorri zen, eta beraien elkartea aurkeztu zigun”.
Sare horretako sustatzaile nagusiak elkarte zehatz batzuk diren arren, bazkide laguntzaile moduan hainbat udalerri daude. Horixe izango da hain zuzen ere eguen honetako [azaroak 23] plenoan erabakiko dutena: bazkide laguntzaile moduan Oinherriren sarera elkartzea onartzea. “Uste dugu oso interesgarria izan daitekeela hortik hastea, ze horrek herri mailan egon daitezkeen mota honetako gai guztiak txapel bakarrarekin estaltzeko aukera ematen digu: Oinherrirekin. Hortik abiatuko dira gure lanketa guztiak”.