Dena prest, Santa Katalina Eguna ospatzeko
Zapatuan [azaroak 25] ospatuko dute Santa Katalina Eguna eta bat egingo dute Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunagaz.
Gizaburuaga prest dago Santa Katalina Eguna ospatzeko eta egun osoko egitaraua osatu dute zapaturako [azaroak 25]. Gainera ospakizunak zapatura mugatu dituztelarik azaroaren 25eko aldarrikapenagaz bat egin eta ohiko ekintzei, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren baitako ekimenak gehituko zaizkie.
Olazar kultur elkartearen urteroko hitzordua da eta ohi legez, mezagaz hasiko dute eguna. Ostean, herriko gaztetxoenei zuzendutako ekimenekin hasiko dira, zehazki, puntu morea marrazteko erronka izango dute, eta ostean, ezinbesteko hitzordu bihurtu den Barraskilo lasterketari ekingo diote. Lurrean propio margotutako ibilbidea azkarren burutzen duen barraskilorik arinenak irabaziko du lasterketa.
Denen artean marraztutako puntu morea udaletxeko balkoiak ipiniko dute eta herritarrak baturik, udalaren mezuaren irakurketagaz jarraituko dute. Eguerdian, berriz, ohitura zaharrei eutsita, herritarrak mahai inguruan biltzeko unea izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez gaur gaurkoz 48 lagunek (10 ume eta 38 nagusi) eman dute izena herriko bazkarira joateko. Urtero modura, lehenengo umeen txanda izango da, eta ostean, nagusiak jarriko dira mahaiaren bueltan. Mahai inguruko giroari eusteko, bazkalostean bingoan ariko dira gizaburuagarrak.
EGITARAUA
- 11:00. Meza.
- 12:00. Puno morea marraztea.
- 12:30. Barraskilo lasterketa.
- 13:30. Punto morea udaletxeko balkoian jartzea eta mezuaren irakurketa.
- 14:00. Herri bazkaria, umeen bazkaria.
- 15:00. Herri bazkaria, nagusiena.
- Ostean. Bingoa.