Pentsiodunek udaletara jo dute gutxieneko pentsioaren eskaera babesteko eskatuz
Alamedako pentsiodunek mozioa erregistratu dute gutxieneko 1.080 euroko pentsioa lortzeko bidean. Mutrikuko eta Lekeitioko pentsiodunek bat egin dute ekimenagaz.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak abiatu du ekimena pentsiodunen borrokaren funtsezko aldarrikapenetako bat babesteko eskatuz; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea 14 ordainsaritan. Horretarako, udaletan, Foru Aldundietan eta Eudelen mozioa aurkezteko prozesua abiatu dute.
Ondarroako Alamedako pentsiodunek erregistratu dute mozioa Ondarroako Udalaren osoko bilkuran onartua izateko asmoz. Horrez gain, Mutrikuko pentsiodunek eta Lekeitioko pentsiodunek ere ekimenagaz bat egin eta mozioak aurkeztuko dituzte udaletan.
Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen aurrean egin eta aurkeztu duten txostenean azaltzen dute eskaera eta argudio guztiak, tartean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzean pentsioetan dagoen genero aldea nabarmen murriztuko lukeela: “Eskaera premia sozial urgentea eta justiziazkoa da, erakunde publikoek herritarrei bizi baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, lanetik etorritako diru sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsiodunen kasuan, gutxieneko diru sarrera nahikoak bermatu behar dituzte”.
Borrokan aurrera pauso bat eman eta udaletan aurkeztutako mozioan eskaera zuzen bi egiten dute; batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari 1.080 eurora arte pentsiodunen gutxieneko pentsioa eskatzea, 14 ordainsaritan eta 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea udal bilkuran hartutako erabakia.