32 korrikalarik parte hartu dute Morelarreren Emakumeen II. Lasterketan
Zapatuan [azaroak 25] Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean Markina-Xemeingo Morelarre talde feministak antolatutako Emakumeen II. Lasterketa egin zuten herritarrek.
Iaz antolatu zuen Morelarre talde feministak lehenengoz emakumeen lasterketa, eta balorazio positiboa egin ostean, aurten ere antolatzea erabaki dute. Iaz baino parte hartzaile gutxiagorekin, baina aurtengoan ere balorazio positiboagaz, zapatuan [azaroak 25] 32 emakumek egin zuten II. Emakumeen Lasterketa.
Antolatzaileek ez zuten eguraldi onik espero, eta aurreikuspenak bete ziren arren, eguraldiak apur bat heldu zion euririk egin gabe. Gazteen ibilbidea bertan behera utzi behar izan zuten, parte hartzaile faltagatik: “Zapatua zenez askok beste ekintza batzuk zituzten eta ezin izan ziren lasterketara etorri”. Horrez gain, Durangoko lasterketa ere egun berean izan zen: “Iaz gure erreferentzia izan ziren. Durangoko lasterketak oihartzuna dauka eta nahikoa hedatuta dago, ezaguna da inguruan. Horregatik, antolatzaileok atera dugun ondorioa izan da iaz parte hartu zuten batzuk aurten Durangora joan direla”.
Hala ere, Morelarrek balorazio positiboa egin du: “Parte hartzaile gutxiago egon baziren ere, iaz baino jende gehiago egon zen jendea animatzen“. Beraz, herritarren txalo eta oihu artean eta Zelaiari denek batera buelta bat eman ostean, lau kilometroko ibilbidea osatu zuten korrikalariek.
Helburua, argi. Morelarreko kideek argi daukate lasterketaren helburua. Alde batetik, mugimendu feminista herri guztian zabaltzea da helburuetako bat: “Morelarrek herrian erreferentzialtasuna lortu nahi du, eta lasterketa hau urtez-urte, apurka-apurka, ezaguna egiten joatea”. Horrez gain, herriko emakumeen elkarlana eta saretzea ere bultzatu nahi dute lasterketaren bitartez: “Herriko emakumeok ekimen berdin batean parte hartzea, elkarri laguntzea… Azken batean horrelako ekimenetan aliantzak eta harremanak sortzen dira”. Aurten, helburu horiez gain, beste helburu bat ere gehitu dute: “Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorra datorrela adieraztea eta ikusaraztea”.
Garrantzia azaroaren 25ari eman nahi izan zieten emakumeek egunerokotasunean sufritzen duten indarkeria matxistaren aurka egin eta salatzeko, baina herriko “jende asko” batuko zirela aprobetxatuz, Greba Feminista Orokorrari ere bultzada eman nahi izan zieten. Horregatik, lasterketa egiteaz batera azaroaren 30ean greba egiteko deia luzatu nahi izan zuten, eta baita arratsaldean egin zuten manifestazio zaratatsuan ere: “Manifestazioa jendetsua izan zen, iazko antzera. Amaieran Karmengo iturrian ekimen txiki bat egin genuen, bertan zeuden herritarrei azaroaren 30eko greba ikusarazteko asmoz”.