Lea-Artibaiko hiru bertsolari sailkatu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalera
Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak eta Xabat Galletebeitia Abaroa eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrek jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, abenduaren 16an. Ibarzabal azken finalaurrekoa irabazita zuzenean sailkatu da finalera.
Nerea Ibarzabal Salegik irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoa, zapatuan [azaroak 25], Lemoan, eta, beraz, zuzenean sailkatu zen abenduaren 16ko finalera. Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra ere lehenengo finalaurrekoan nagusituta sailkatu zen finalera, eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra puntuazioaren araberako sailkapenetik; bere lehenengo finala izango da.
Horiekaz batera, Jone Uria Albizuri bigarren finalaurrekoaren irabazlea, eta Onintza Enbeita Maguregi, Oihana Bartra Arenas, Gorka Pagonabarraga Agorria eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola igoko dira Miribillako oholtzara.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi daitezke.
Lemoako finalaurrekoa. 638 puntugaz irabazi zuen hirugarren eta azkenenego finalaurrekoa Ibarzabalek, eta 635,5 puntu lortu zituen Enbeitak. 610,5 puntugaz Bartra sailkatu zen hirugarren, eta 580 puntu eskuratu zituen Intxaustik. Ibai Amillategi Omaetxebarria eta Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra bosgarren eta seigarren sailkatu ziren, 571 puntugaz eta 567,5 puntugaz, hurrenez hurren.
[IKUSI FINALAURREKOEN PUNTUAZIOAK]
Hasierako agurren ondoren, saio puntuagarria Aramendiren eta Intxaustiren zortziko nagusiagaz hasi zuten. “Intxaustik lanetik irten, eta arratsalde osoa militantzian ematen” duelako, ahizpa ondo ikusten ez zuelako kezkatuta zegoen Aramendi. Ibarzabal, berriz, Bartragaz aritu zen; azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorreko batzordeko kideak ziren, eta zaintzari buruzko hausnarketan jardun zuten.
Zortziko txikiko eta hamarreko txikiko bertsoaldien ostean, ganbarako puntu erantzunetan haurtzarora bueltatu ziren, “umetako ametsak” aitatuz. Jarraian, “gero eta gehiagotan eta ezkutuan” egiten zuten horretaz aritu ziren bertsotan. Aissak ligatze kontuak aipatu zituen, eta gainontzekoek, ostera, egungo gizartean irudiak zein besteen iritziek daukaten botereak, osasun fisiko, mental zein emozionalean dauzkan eraginak.
Sarrerak agortuta, 700 bat bertsozale elkartu ziren Lemoako udal kiroldegian.