Lekeitioko Azkue Ikastolak gune berde berria inauguratu du
Barikuan [azaroak 24] osatu zuten inaugurazio ekitaldia eta udaleko ordezkariak ere bertan izan ziren. “Irisgarritasuna gehiago landu nahi izan dugu, edozein herritarrek erabili ahal izateko”.
Lekeitiok natura eremu berria du, Azkue ikastolan, hain zuzen ere. Barikuan [azaroak 24] arratsaldean inauguratu zuten eta asko izan ziren bertaratu ziren herritarrak. Lehen Hezkuntzako ikasleek abesti eta dantza bat eskaini zieten bertaratutakoei.
Udaleko ordezkariak, Ander Aldazabal alkatea tartean, ere bertan izan ziren. Udalak izango du gune berdearen giltza izateko ardura, “espazioa herriarentzako zabalik utziz”. Era berean, udalak eskerrak eman nahi izan dizkio Azkue Ikastolari herrian eremu berde eta natural berri bat eskaintzeagatik. Ikastolatik gogoratu “herritik eta herriarentzat” sortu zela hezkuntza zentroa 1964an.
1980an hasi zen gune naturalen aldeko apustua, orain 2.000 metro karratutik 4.000 metro karratura pasako da eremu berdea. Ikastolatik “apustu sendoa” egiten dute gero eta ordu gehiago ikasgelatik kanpo ematera. Duela hiru urte hasi ziren baso eskolagaz formakuntzak osatzen eta orain beste pauso bat eman nahi izan dute. “Gune berria Haur Hezkuntzako umeei dago gehiago bideratuta. Era berean, irisgarritasuna gehiago landu nahi izan dugu, edozein herritarrek erabili ahal izateko”, azaldu du Ibon Goitia ikastolako zuzendariak.
Horrez gain, ikastolako sukaldeko produktuak ere bertotik aterako dituzte, ikasleek “ziklo oso bat” bizi ahalko dute. “Guk ereingo dugu baratza eta gero jantokian jan ahalko dituzte. Beti egiten dugu garaiko, bertoko eta kilometro0ko produktuen aldeko apustua”.