Markina-Xemeinen Errigoraren 102 saski saldu dira Euskarari Puzka kanpainan
Barikuan [azaroak 24] banatu zituzten saski guztiak herrian. Iaz baino 13 saski gehiago saldu dira aurten.
Markina-Xemeingo Euskara Batzordeak bat egin zuen Errigoraren udazkeneko kanpainagaz, Nafarroako produktuz betetako saskiak saldu eta Erriberako euskalgintzara dirua bideratzeko asmoz. Aurten 102 saski saldu dira eta beraz, guztira 5.150€ bildu dira. Iaz baino 13 saski gehiago salduta, Erriberako euskalgintzara 1.287,5€ bideratuko dituzte.
Hala ere, Euskara Batzordeko kideek kanpainan parte hartu duten herriko taldeen kopurua azpimarratu nahi dute: “Aurten izandako gorakada paregabea izan da”. Izan ere, gutzira 30 taldek parte hartu dute kanpainan, besteak beste: AEK, Markina BHI, Bekobenta eskola, Lea Artibai Ikastetxea, Herri Biblioteka, herriko eta eskoletako guraso elkarteak, Markina-Xemeingo Udala eta bertan ordezkaritza instituzionala duten alderdi guztiak, Uhagon Kultura Elkartea, Hemen Be Bai Elkartea, Artibai Mendi Taldea, Zesta-punta Eskola eta Markina-Xemeingo Esku Pelota, sormen lantegia, Markina-Xemeingo Sortu eta Amaiur Elkarteak, Ernai, Gazte Asanblada, Txosna Batzordea, XAT, Armagintzarekin Moztu, Okerra Crew, Markina BHIko ikasleen batzordea eta aisialdiko beste zenbait talde.
Eskerrak. Euskara Batzordeko kideek azpimarratu nahi izan dute aurtengo Euskarai Puzka kanpainak emaitza “oso onak” izan dituela: “Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu saskia eskuratu dute herritar guztiei, lehenik eta behin. Euren ekarpena garrantzitsua delako. Bigarrenik, babesa eman duten elkarte guztiei eta elkarte bakoitzean babes hau lantzeko lan egin dutenei”.
Emaitzekin pozik badaude ere, oraindik ere parte hartzea “hobetu” daitekeela adierazi dute, eta beraz, aurten parte hartu ez dutenak datorren urtean parte hartzera animatzen dituzte.