Akerbeltz Gaztetxearen XV. urteurrena ospatuko dute
Berritasun modura, aurtengoan bi eguneko egitaraua antolatu du Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak. Zapatu goizean serigrafia tailerra egongo da eta osteko bazkarian 68 lagun elkartuko dira.
Asteburua urteurren ospakizun bihurtuta datoz Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxeko kideak. Hamabost urte ez dira edonoiz betetzen, eta hain zuzen ere hori ospatzeko asmoz bi eguneko egitarauagaz goi-goitik ospatuta geratuko da aurtengoa ere.
2008an inauguratu zuten gaztetxea, eta 2009tik aurrera urtero antolatu dute urteurren ospakizuna, Covid garaian izan ezik. Aurtengoan egin bat gehitu diote urteurren jaiari, eta barikuan [abenduak 1] hasiko da jaia. 19:00etan jarri dute hitzordua, pizza-poteagaz urteurrenari hasiera emateko. Kontzertu akustikoagaz amaituko dute lehen eguna, Joxuneren kontzertuagaz, hain zuzen ere.
Barikuan zapaturako [abenduak 2] indarrak gorde beharko dituzte, egun guztiko egitaraua edukiko dute aurretik eta. 12:00etan elkartuko dira gaztetxean, serigrafia tailerra egiteko eta ping-pong finala ikusteko: “Badugu esperantza normalean baino jende gehiago etortzeko tailerrera. Horrez gain, ping-pong txapelketa ere antolatu dugu aurten, eta zapatuan jokatuko dituzte finalerdiak eta finala. Bi ekintza horiekin espero dugu jendea etortzea eta giro ona egotea”.
Serigrafia tailerrerako Laudioko Gaztetxeko asanbladako kideekin harremanetan jarri, eta beraiek utziko diete materiala: “Guk kamisetak erosiko ditugu, eta sortu dugun plantila bategaz kamisetak egingo ditugu”. Aurtengo gaztetxeko leloagaz eta asanbladako kide batek egindako marrazkiagaz, XV. urteurrena betirako gogoratuko dute parte hartzaileek.
Akerbeltzi aurreskua egin ostean, denak elkartu, eta 68 lagunek bazkalduko dute gaztetxearen babesean. Bazkalostean aspertzeko astirik gabe, jokoak egingo dituzte. Ostean, gaueko kontzertuetarako berotzen joateko, triki-poteoa egingo dute.
Hiru protagonista edukiko ditu zapatu gauak: Haizkan, Eire eta DJ Txatizz. Musika ezin hobeagaz eta jai giroan, ondo ospatuta geratuko dira Akerbeltzen hamabost urteak.
Badator aldaketa. Hamabost urte erraz esaten diren arren, ez dira horren erraz betetzen. Konpromisoa da aurrera jarraitzeko oinarrizko motorretako bat, eta horrek bultzatzen ditu gaztetxeko kideak astebururo elkartzera ere: “Orain momentuan hamabost lagun inguru batzen gara asanbladetan. Azken bi urteetan aldaketa dagoela igarri dugu, jende berria etorri da eta”. Gainera, asteburuetan ez ezik, astean ere batu behar izaten dira askotan, esaterako, urteurrena prestatzeko: “Azken finean egunerokotasunean buruan edukitzen dugun lan bat da, lehentasunetako bat da”.
Aurreko belaunaldikoek jakin zuten herrigintzarako gogoa eta maitasuna oraingo belaunaldiari transmititzen, eta horretan dabiltza oraingo kideak ere: “Espero dugu aurretik asanbladaren parte izan direnak urteurren ospakizunera animatzea, egun berezia izango da eta”.
Egitaraua:
- Abenduak 1, barikua.
- 19:00. Pizza-potea.
- 21:00. Kontzertu akustikoa: Joxune.
- Abenduak 2, zapatua.
- 12:00. Serigrafia tailerra.
- 13:00. Ping-pong finala.
- Ostean. Aurreskua Akerbeltzi.
- 15:00. Bazkaria.
- Ostean. Bazkaloste animatua.
- 19:00. Triki-poteoa.
- 22:00. Pintxoak eta kontzertuak: Haizkan, Eire eta DJ Txatizz.