Hiru txapel eskuratu ditu Lea Ibarra Motrollo pilota elkarteak
Esku pilotako Bizkaiko Kluben arteko finalak lehiatu dira asteburuan. Markina-Xemeingo eta Lekeitioko taldeak ere finak lehiatu dituzte, Akarregik txapela herriratu dute.
Asteburuan lehiatu dira esku pilotako Bizkaiko Kluben arteko finalak eta Lea Ibarra Motrollo pilota elkarteak asteburu borobila osatu du: hiru txapel lortuta, maila ederra erakutsi baitu elkarteak. Ez dira, ordea, eskualdeko ordezkari bakarrak izan, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko taldeak ere finalak lehiatu dituzte; Akarregi taldeak txapel bat eskuratu du kadete kategoriako bigarren mailan.
Nesken kategoriako finalak hartu zituen Munitibarko frontoiak, eta hain zuzen ere, eskualdekoen artean zegoen finalaren norgehiagoka. Lea Ibarrako bi taldeak lehian aritu ostean, Beitia eta Gaminde 22-14 nagusitu ziren Alday eta Bergararen aurrean.
Mutilen kategoriari dagokionez, Sestaoko frontoiak hartu zuen kadete mailako finala eta Lea Ibarrako Bengoetxea eta Urzelaik osatutako bikoteak aurrea hartu eta nagusitasuna lortu zuten Perez III eta Mendizabalek osatutako Sestaoko Lagun Artea taldeko bikotearen aurrean; 22-17 .
Kadete bigarren mailan, berriz, eskualdeko taldeen arteko norgehiagokan aritu ziren, Lo eta Urkidi Lekeitioko Akarregi taldekoak 22-18 nagusitu ziren Markina-Xemeingo Arakistain eta Sololuzeren aurrean eta txapela jantzi zuen bikoteak.
Gazte taldeko bigarren mailako finalean ere eskualdeko ordezkariak izan ziren, Markina-Xemeingo Alvarez eta Egilior ailegatu baitziren finalera. Lagun Onak taldeko Goiti eta Mandaluniz nagusitu ziren eskualdekoen aurrean: 17-22.
Nagusien mailari dagokionez, Lea Ibarrako Okamika eta Arrizabalaga lehia estuan aritu ziren Ortuellako Danok Lagunak taldeko Kortazar eta Bernaolaren aurrean, baina 22-20ko markagailuagaz txapela janztea lortu zuten Motrollo taldekoek.
Hiru txapelak etxeratzea lortu zuten, baina ez zen, ordea, lorpen bakarra izan. Nagusien berezi mailako finalean ere ordezkariak izan baitzituzten. Mallabian lehiatu zen finalean Lea Ibarrako Albizu eta Uriondok osatutako bikotea norgehiagoka estuan aritu zen Riol eta Madariagak osatutako Portugaleteko bikotearen aurka. 11-22ko markagailuagaz, ez zuten lortu txapela janztea.