Neguko bertako gastronomia dastatzeko aukera egongo da Amoroton
Zapatuan [abenduak 2] hainbat jaki desberdin dastatzeaz gain, txerria burduntzian erreta ere jan ahalko dute herritarrek. Arratsaldean Eingo taldearen erromeria egongo da.
Amorotoko Kultura Elkartearen ekimenez urte asko dira Amoroton abenduko lehenengo zapatuan azoka antolatu izan dutela, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango. Zapatuan [abenduak 2] Abenduan, on egin! lelopean neguko bertako gastronomia dastatu ahal izango da.
Urte batzuetan animaliak ere jarri izan dituzten arren, aurtengoan antolakuntzakoek animaliarik ez ekartzea erabaki dute: “Kanpoan egoten dira, eta eguraldien aurreikuspenak ere txarrak direnez ez ditugu ekarri. Bertako tradiziozko janariaren azoka izango da egingo duguna”.
Animaliarik egon ez arren, ez da aspertzeko astirik egongo eta nahi haina jan eta edan ahalko da herriko frontoian: odolostea, txistorra, salda, karakolak saltsan, arroz-esnea, intxaur saltsa, sagar saltsa, herriko sagardoa eta taloa egongo dira. Musikarik ere ez da faltako, Eingo eskolako trikitilari gazteak arituko baitira azoka girotzen.
Lehen, abenduko lehenengo zapatuan afari herrikoia egiten bazuten ere, pandemia aurretik egiteari utzi zioten. Horren ordez, herriko baserri bateko txerria burduntzian erre eta pintxoak saltzeari ekin zion gazte talde batek: aurtengoan, Euxebi txerriaren pintxoak egongo dira salgai. Iaz iluntzean egin bazuten ere, ordua aldatu eta eguerdian egitea erabaki dute: “Goiz guztia azokan jendea egon ostean uste genuen jendeak eguerdian ez zuela goserik edukiko, eta horregatik egin genuen iluntzean. Azkenean, jendea bazkaltzera joan zen eta iluntzean jendeak ez zeukan goserik. Horregatik, aurten eguerdi aldera egingo dugu, gainontzeko pintxoekin batera. Ea orduagaz asmatzen dugun”.
16:00ak ere azkar iritsiko dira Amorotora zapatuan, eta iluntzera arte Eingo taldeak erromeria eskainiko du. Horrez gain, egun guztian barra ere jarriko dute frontoian.
Denen arteko lana. Zapatukoa bezalako azoka bat aurrera ateratzeko, ezinbestekoa da herritarren babesa edukitzea eta herritarrak laguntzeko prest egotea, eta horixe da Amorotoko Kultura Elkarteak lortzen duena. Herriko talde desberdinetako kideekin osatutako talde honek azoka antolatzeko lan guztiak banatzen ditu: “Batek erosketak egiten ditu, beste talde batek karakolak prestatzen ditu, etxe batean arroz-esnea egiten da, kuadrilla batek intxaur saltsa egiten du, banatzen dugun sagardoa herrian egindakoa da… Dena egiten da herritarren artean”.
Herritarren babesa eta azoka aurrera ateratzeko gogoa beraz, nabarmena da. Taloak egiteko ere, hamabi lagun inguru elkartzen dira: “Momentuan egiten dugu beti taloa. Masa bertan egiten dugu, eta ostean, txapan erretzen dugu. Taloa jotzen hamar lagun inguru ibiltzen dira, eta beste pare bat txapan erretzen. Odolostea eta txorizoa erre, eta horrela banatzen ditugu taloak, herritarren laguntzagaz”.