Turismo eredu jasangarri baterako bidea hasi du Lekeitioko Udalak
Europar Batasunetik jasotako Next Generation diru laguntzarekin sei proiektu jarriko ditu martxan, turismo jasangarria helburu.
Turismo eredu jasangarriago baterantz aldatzeko lanean dabil Lekeitioko Udala. Horretarako Europar Batasunetik jaso duten Next Generation 1.000.000 euroko diru laguntzagaz herrian behar diren proiektuak jarriko dituzte martxan, “turismo jasangarria oinarri eta herritarren beharrizanak lehentasun”.
Oraingoz, sei proiektu dituzte esku artean. Alde batetik, bi digitalizazio lan egingo dituzte. Lekeitiok azalera txikia duenez, azken urteetako turismo ereduak aparkaleku eskasiaren arazoa larria bihurtu dela adierazi du udalak, “batez ere uda garaian”. Horri konponbidea emateko asmoz, aparkalekuen kudeaketa sistema berria ezarriko dute: herri sarreretako hiru aparkalekuak digitalizatu eta kanpotik datozenentzat ordainpeko sistema ezarriko dute. Hala ere, nabarmendu dutenez herriko aparkalekuen gaineko planteamendua aztertzen ari dira eta aurrerago aurkeztuko dute planteamendu osatua.
Bestalde, GR 38 ibilbideko, ardoaren eta arrainaren ibilbideko, informazio guztia digitalizatuko dute, eta edonork telefono mugikorretik eskurragarri edukiko du. Adierazi dutenez, honek herrira datozen bisitariak eskualde osora zabaltzen lagunduko du, “inguruko herri eta bazterrak ezagutaraziz”.
Digitalizazio lanez gain, eraberritze, garbiketa eta instalazio lanak ere egingo dituzte. Herritarren onurarako hondartzako instalazio eta zerbitzuak jarriko dituzte Mendieta ontziolaren etxean, eta beraz, eraberritze lanekin hasiko dira. Taberna, komunak eta sorosleentzako gunea jarriko dituzte: “Hondartzan zerbitzu publikoak duinduko dira, ingurumena errespetatuz”.
Bestalde, aterpetxea eta igerilekua urte osoan martxan dauden eraikinak direnez eta energia kontsumoa handia denez, Trinkete Aterpetxean eguzki energia bidezko sistema ezarriko dute, eguzki plaken bitartez: “Proiektu honi esker berriztagarria ez den energia kontsia eta berotegi gasen emisioa nabarmen murriztuko dira”.
Eluntzetako burdibide historikoan ere hainbat lan egingo dituzte, besteak beste, garbiketa eta seinalizazio lanak. Honen bidez, herritar nahiz bisitariek historiaren zati hau ezagutu eta ibilbidea “bizigarriagoa” izatea lortu nahi dute.
Azkenik, herritarrek egiten duten lana balioan jarri, eta Garraitz uhartean inbertsio berri bat egitea erabaki dute. Hainbat auzolan ekintza eta bisita gidatu egiten dira bertan eta udalak “herriaren historia bizirik mantentzeko eta lan hauen garrantzia balioan jartzeko” asmoz bertako lanak egonkortzen laguntzeko aukera eskainiko du. Atabaka Elkarteak, herritarrek eta Aranzadi elkartekoek uhartean egindako garbiketa eta azterlan arkeologikoetan egindako lana nabarmendu nahi izan dute.