Martxan da Ziortza-Bolibarko II. Bertso Paper Lehiaketa
Lanak ordenagailuz idatzi beharko dira eta abenduaren 4a izango da entregatzeko azken eguna.
Ziortza-Bolibarko Udalak Euskararen Eguneko egitaraua aurkeztu du, herriko elkarteekin eta bolondresekin batera. Abenduaren 2an Hobe Ixilik antzezlana egongo da, Eskolako aretoan, 19:00etan. Horrez gain, II. Bertso Paper Lehiaketa ere martxan egongo da abenduaren 4ra bitarte.
Bi mailatan banatuko dituzte jasotako lanak: 16 urtera artekoak eta 17 urtetik aurrerakoak. 16 urte bitartekoek lau bertso aurkeztu beharko dituzte, hamarreko txikian, eta gainontzekoek berriz, lau bertso, hamarreko handian. Maila bakoitzeko bertso onenek Errigorako saskia eskuratuko dute.
Lanak ordenagailuz idatzita aurkeztu beharko dira, abenduaren 4rako, Ziortza-Bolibarko Udalaren postontzian. Gutunazal batean sartuta eta izengoitiarekin sinatu beharko dira lanak. Sari banaketa abenduaren 10ean egingo dute, udaletxearen inaugurazio ekitaldiagaz batera.